Alconzako langileak borrokan

"Borrokan jarraituko dugu enpleguak babestu arte"

Julen Nafarrate 2022ko api. 7a, 17:21

Berangoko Alconza-Irizarreko langileak greba mugagabean daude, enpresak 38 langile kaleratu gura dituelako. Negoziaketek momentuz porrot egin dute.

Geldi dago Berangoko Alconza-Irizar lantegia. Ez dago langile edo kamioien joan-etorririk. Hormak, ostera, mezuez josita daude: "Etorkizun duinaren alde", "Gora langileon borroka!", "Irizar lapurrak". Greba mugagabean daude bertako langileak, enpresak 38 langile kanporatzeko asmoa duelako: "Borrokan jarraituko dugu enpleguak babestu arte, gure etorkizuna dago jokoan". Berbak Asier Rodríguez Masti-renak dira, baina gainontzeko kideek ere bat egiten dute baieztapen horregaz. "Gogorra da greban egotea, baina ez dugu beste biderik izan".

16 urte daramatza Mastik Alconzan beharrean. Berangoko enpresa eskualdeko lantegi handienetako bat da: "98 langile ditu gaur egun, eta beti izan da sektore honetan erreferentea. Lehen, barkuentzat motor eta sorgailuak egiten genituen, baina dena aldatu zen Irizarrek enpresa erosi zuenean". 2013an izan zen hori, eta orduantxe hasi zen enpresaren gainbehera, langileen berbetan: "Aldaketa ugari egin zituzten: zuzendaritzan, produkzioan, erosketetan... Lehen, burdina sartzen zen ate batetik eta makina bat irteten zen bestetik. Baina orain dena kanpoan erosten dute, etxean egin beharrean". Estrategia aldaketa hori izan da, sindikatuen arabera, Alconza porrotera eraman duena: "Dependentzia itzela dugu kanpoan egiten diren piezekin orain, batzuetan txarto datoz... Lehen, hemen sortzen genituen makinak, osorik, eta errentagarria zen".

Enpresaren azken erabakia izan da langileak kaleratzea: "Ez dira gai izan, gainera, hona etortzeko aurpegia ematera. Enpresa bat kontratatu dute hori kudeatzeko". Langileek hainbat proposamen aurkeztu dituzte: aurre-erretiroak, plan industrial bat... Baina ez da akordiorik egon. Borrokan jarraituko dute: "Eskerrak eman nahi dizkiegu babesa eman diguten guztiei. Tubacexeko langileak etorri dira, auzokideak... Zuen indarrari esker aurrera egiten ari gara". 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun