Kirolean umeen zaintzaren inguruko mahai-ingurua egingo dute bihar Berangon

Ander Zarraga 2022ko api. 20a, 12:01
Besteak beste, Joetxu Muñoyerro, Elkar Kirolak eskolako zuzendaria egongo da mahai inguruan. © ELKAR KIROLAK

Umeakaz lan egiten duten begirale eta langileek dituzten erronkak lantzeko jardunaldia egingo dute bihar Berangoeta kultur etxean, 18:00etan. Kirol-esparruko adituek osatutako mahai ingurua egongo da eta, besteak beste, Athletic Clubeko Aterpe programaren funtzionamendua azalduko dute.

Gaztetxoak berdintasunean heztea eta beraien babesa bermatzea berebizikoak dira euren garapen-prozesurako; horregatik, Berangoko Udalak formakuntza eskainiko die umeakaz lan egiten duten begiraleei, batez ere beraien funtzioa udalerrian garatzen dutenei.

Unicefek aitortutako Haurren Hiri Laguna den aldetik, Berangoko Udalak umeen eskubideen errespetua bermatzeko lan egiten du. Horregatik, bihar, eguena, Berangoeta kultur etxean gai horren inguruko jardunaldia egingo dute, batez ere, umeen kirolean zentratuko dena.

Mahai-inguru baten bitartez jorratuko den jardunaldian kirolaren eta umeen arloetako adituek parte hartuko dute: Iñaki Juaristi Alonso, Athletic Clubeko Aterpe programaren arduraduna; Aitziber "Tzibi" Juaristi, Zaineko haurtzaroaren babesean aditua; Verónica Rodríguez, Gurutzetako ospitaleko muineko lesionatuen unitateko erizaina; Joetxu Muñoyerro, Elkar Kirolak eskolako zuzendaria; Igor Fernandez Karabigabe F.T. presidenteordea; Anabel Landa Berangoko alkatea eta Carlos Gurpegi, C.D. Basconiako entrenatzailea eta Athletic Clubeko jokalari ohia.

Jardunaldiaren bitartez, Berangoko kirol-taldeek zuzenean Athletic Club taldearen Aterpe programaren oinarrizko printzipioak ezagutzeko aukera izango dute, besteak beste. Horrela, umeen eskubideen babesa, ongizatea eta prebentzioaren aldeko apustuaren adibide argiak aztertu ahal izango dituzte zuzenean.

Era berea, errespetua, legezkotasuna eta eskakizunak betetzea bilatzen duen formakuntza jarraitua ere emango dute ezagutzera. Horregaz batera, klubeko langileei gutxieneko estandar batzuk eta jokabide-kode bat eta errespetua behar dituztela ere irakatsiko zaie.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun