Atzo, barikuan, ireki zituen ateak Berangoko Erdi Aroko Azoka. Hala, domekara bitartean, artisauak, ikuskizunak, dastaketa gastronomikoak, umeentzako ekintzak eta beste hamaika jarduera egongo dira gozagai Moreaga parkean. Izan ere, Udalak bultzatutako ekimena goizez zein arrastiz egongo da zabalik; gaur, zapatuan, 10:30ean hasiko dira jarduera guztiak.
Besteak beste, duela hainbat mendeko artisauak, Chechare taldearen suagaz eta argiagaz egindako ikuskizuna, magoak, hegaztien ikustaldiak eta ipuin-kontalariak egongo dira. Ez dira faltako ezta ere produktu gastronomikoak, hala nola Leongo zezina, Verako piperrautsa, Jerteko gereziak, Turkiako gozokiak, euskal gozotegia, Galiziako produktuak edota munduko espeziak.