Berangoko Kirolguneko barruko bi horma nagusiak fotosintesia egiteko gai dira, eta, horri esker, tokiko airea garbitzen dute, lau zuhaitzek egiten duten beste, edo beste modu batera esanda: pareta horiek 500-1.000 kotxe inguruk urtean sortzen duten kutsadura garbitzeko gai dira. Zifra horiek emanda aurkeztu du bere obra Jorge Lopez de Guereñu horma-irudia diseinatu duen artistak. Horretarako, pintura mota berezi bat erabili du, fotokatalitikoa, inguruko karbono dioxidoa hartu eta oxigenoa sortzen duena, landareek egiten duten bezalaxe. "Pintura hauek argia xurgatzen dute, eta, horrekin, fotosintes
Obra hori lekutzeko tokia ez da nolanahikoa izan. Anabel Landa alkateak zehaztu duenez, horma-irudiak Udalaren hiru ardatz nagusiak batzea gura zuten, hau da: ingurugiroa, berdintasuna eta kirola. Horretarako, Kirolgunea aitzindaria den proiektu hori hartzeko lekurik aproposena zela ondorioztatu zuten, "hiru ideia horiek lotzeko zerbait transbertsala egiteko". Izan ere, leku itxia da hori, kirola egiteko jende asko batzen duena; hala, pintura-mota hori kaleko kutsadura garbitzeko erabili ohi den arren, kiroldegi bateko giroa, kondentsatuagoa, arazteko interesgarria zela erabaki zuten. Hala, ingurumena eta kirola batuta, berdintasunari lekua emateko, Berangoko mugimendu feministaren eta berdintasunaren ikurra den tximeletan oinarritu zuen bere diseinua Lopez de Guereñu artistak: "Enkargua bera egin behar nuenaren adibidea izan zen; diseinua bakarrik atera zen".
Artistak esperientzia handia du horma-irudi handiak egiten, baina Berangokoa lehenengoa izan da pintura-mota hori erabilita: "Aurretik, tamaina txikiagoko probak egin ditut, baina hauxe izan da eremu publiko batean egin dudan lehenengoa. Eta esan dezaket pintura hau izugarri ona dela; kalitate handikoa da". Dioenez, diseinuak egiterakoan, lekura eta horren erabilerara egokitzen saiatzen da, eta halaxe egin du oraingoan ere. "Izan ere, nire zeregina ez da zerbait polita egitea, hortik haratago doan zerbait sortzea baino. Niretzako, muralak ez dira horma batean egindako gauzak bakarrik; horiek dauden espazioetan integratzeko zerbait bezala hartzen ditut, eta, ahal bada, hobera aldatzekoak ere".
Hala, berdintasunaren aldeko tximeletan eta horren kolore morean oinarrituta, lekuan aritzen diren kirolak batu, probak egin eta murala diseinatzeari eta margotzeari ekin zion artistak beste hiru kidegaz batera. Bidean, baina, hainbat trabari egin behar izan diote aurre, pintura-mota horrek hainbat muga dituelako. "Izan ere, pinturagileek fotosintesia egiteko partikula ezin dute kolore guztietan txertatu, bakarrik argi eta suabeetan", dio Lopez de Guereñuk. Dena dela, pintura-mota hori ikertu, esperimentuak egin eta kolore-gama handitzen saiatu ziren, baita lortu ere.
Harrera ona
Anabel Landa alkateak azaldu duenez, hasierako ideia Kirolguneko horma bat bakarrik margotzea zen, baina, azkenean, bi koloreztatu dituzte, erabiltzaileek hala eskatuta. "Berton entrenatzen duten umeek eskatu eutsen Jorgeri hori egiteko", dio Landak. "Bai, oso polita izan zen eskaera hori jasotzea. Murala amaitu gabe egonda ere erantzuna hori izatea izugarria izan da guretzat", zehaztu du Lopez de Guereñuk.