El Mentón de Fogarty, Gora Herria eta Extremoduro –azken hau tributua bada ere, Pedrá taldearen eskutik– musika-taldeen abestiak entzun ahal izango dira Santa Anako jaietan uztailaren 24tik 26ra bitartean. Hala, ez izan zalantzarik, parrandazalez beteko dela egun horietan Berangoko auzo hori; eta kontzertuengatik ez bada, goizeko ordu txikietara arte luzatuko den disko-festei esker izango da. Bilbainaden zaleek ere euren txokoa izango dute, zelan ez, Los cinco bilbaínos talde mitikoaren eskutik.
Kantarienek ere auzoz auzo ibiltzeko aukera izango dute, uztailaren 24an, Berango Kantari taldearen eskutik; Axganetik hasita, alderik alde arituko dira abesten, Santa Anara iristeraino.
Hala ere, Santa Anako jaietan ez da dena parranda eta musika izango. Izan ere, adin guztientzako herritarren gozagai izango diren hamaika ekitaldi egongo dira aukeran. Umeentzako pintura-lehiaketak irekiko du jaien egitaraua, domekan, uztailaren 24an, eguerdiko 12:00etan. Hortik aurrera, bata bestearen atzetik helduko diote ekintzek jaien ginkanari: asto-probak, tailerrak, janak, erakustaldiak... Ohi bezala, Euskal Herriko jai guztietan legez, txapelketa gastronomikoren bat ere martxan egongo da Santa Anan. Kasu honetan, auzokideek euren trebezia erakutsi beharko dute, baita praktikan jarri ere, tortillarik onena nork egiten duen demostratzeko. Txapelketa astelehenean egingo dute, uztailaren 25ean.
Kirolak ere bere lekua izango du jaiotan. Izan ere, txirrindularitza-lasterketa egingo dute uztailaren 25ean, arrastiko 16:30ean. Horren ondoren, txokolatezko taza bat edan indarrak berreskuratzeko eta txikienek herri kiroletan trebatzeko aukera izango dute.
Egitaraua
Uztailak 24, domeka
- 12:00 Pintura-lehiaketa, IGEk antolatuta.
- 13:00 Bilbainadak: Los cinco bilbaínos.
- 18:00 Asto-probak.
- 19:00 Berango Kantari, irteera Axganetik, Santa Anaraino.
- 19:00 Disko-txiki: DJ Kaktus.
- 20:00 Tailerrak, Argia Fundazioaren eskutik.
- 23:30 Kontzertua: Pedrá, Extremoduro taldeari tributua.
- 01:30-04:30 Disko-festa.
Uztailak 25, astelehena
- 11:00-15:00 Bubble Balls, Kirolgunen. Berango Gazte Lab-ek antolatuta.
- 12:00-15:00 Haurrentzako parkea.
- 12:30 Tortilla-txapelketa eta bazkaria. Aurkezteko epea 14:00etan izango da.
- 16:30 Txirrindularitza-lasterketa.
- 18:30 Txokolate-jana.
- 19:00 Herri Kirolak, umeentzat.
- 23:30 Kontzertua: El Mentón de Fogarty.
- 01:30-04:30 Disko-festa.
Uztailak 26, martitzena
- 12:00 Meza.
- 13:00 Hamaiketakoa nagusientzat, Otxadategi Dantza taldeko umeen eskutik.
- 19:00 Disko-festa DJ Urtzagaz.
- 19:30 Asto-probak.
- 20:00 Sardina-jana.
- 21:00-01:00 Erromeria: Gora Herria.