Iñaki Gonzalez omenduko du Berangoko Udalak auzokideak euskal kulturari egindako ekarpena aitortzeko

Iker Rincon Moreno 2022ko ira. 28a, 10:10

Anabel Landa Berangoko alkatea eta Iñaki Gonzalez, Berangoko udaletxean, Otxandategi Dantza Taldearen urteurrenean.

Aste Kulturalari amaiera emateko, Berangok hitzordu berezia izango du domeka honetan, urriaren 2an. Izan ere, Udalak Iñaki Gonzalez Bilbaori omenaldia egingo dio 50 urte baino gehiagotan euskal kulturari eta tokiko Otxandategi Dantza Taldeari egindako ekarpenagatik. Esker oneko ekitaldia orain bi urte egin gura zioten, baina pandemia tarteko, aste honetara arte atzeratu behar izan dute. Hala, hitzordua eguerdiko 12:00etan jarri dute, Moreaga parkean.

Oso gaztea zela hasi Iñaki Gonzalez Otxandategi Dantza Taldean, eta hogei urte bete orduko bazuen bertako mutilen taldeko ardura nagusia. Gerora, presidente bilakatu zen, eta denboraz ardura osoa bereganatu zuen, nesken eta mutilen taldeek bat egin zutenean. Haren agindupean, Otxandategik hainbat bidaia egin ditu atzerrira, eta hiru urtean behin egiten den Berangoko Nazioarteko Folk jaialdia antolatzen hasi da. Era berean, daborduko disko bi grabatu dituen abestaldea ere sortu dute.

Omenaldiaz gainera, barikuan, irailaren 30ean, Korrontzi taldeak kontzertua eskainiko du 20:00etan eta, hurrengo egunean, Mallorka, Ibiza eta Berangoko dantza-taldeak igoko dira Moreagako agertokira, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun