Gaur egin duten aurkezpen ofizialean, besteak beste, Anabel Landa Berangoko alkatea, Berango Atletismo Taldeko Pablo Arnedo eta Josu Hernandez, eta Euskadiko Atletismo Federazioko Mikel Lejarreta egon dira. Hernandezek azaldu duenez, aurreko urteetan bezala, Estatuko miliarik onena izaten jarraitzeko helburua dute aurten, baina, horretarako, parte-hartzaile kopuru jakin bat, indarrean dagoen araudia eta ibilbidearen homologazioa bezalako faktoreak zaintzen eta betetzen jarraitu behar dituztela azaldu du.
Lasterketa arratsaldeko 16:10ean hasiko da, eta, ohi bezala, 1.609,344 metroko luzera duen ibilbidean hainbat kategoriatako lasterkariek parte hartuko dute. Bertan izango diren puntako atleten artean, hauek dira aipagarrienetariko batzuk: Tokioko Olinpiar Jokoetan egon zen Esther Guerrero, lesio luze baten ostean lasterketara itzuliko dena; Mohamed Katir marokoar lasterkaria eta Mariano Garcia Europako Txapelduna.