Besteak beste, Landak nabarmendu du funtsezko alderdietako bat dela Udalak zorrik gabe hasiko duela 2023a, aurreko krisi ekonomikoan jarduera ekonomikoa bultzatzeko eskatutako kreditua ordaintzen amaitu ondoren.
Gastuei dagokienez, partidarik garrantzitsuena gastu arruntetara bideratuta egongo da, hau da, Udalak auzokideei eskaintzen dizkien zerbitzuetara. Horretarako, guztizkoaren % 54 erabiliko dute; horri, udal-langileen gastuen kopurua gehitu behar zaio, hau da, aurrekontuaren % 21.
Inbertsioen atalean, legegintzaldi honetako proiektu estrategikoetako bat nabarmendu dute: Icaza jauregiaren birmoldaketa, auzokideentzako kultur gune bat bilakatzeko asmoz. Horretarako, 1,4 milioi euroko partida gorde dute, alkateak udalbatzan azaldu zuenez, oraindino ez baitago exekuzio-proiektu zehatzik.
Baina Icaza jauregiaz gainera, martxan dauden beste inbertsio batzuetan ari da gobernu-taldea lanean, hala nola Karabiganen arrapala mekanikoak jartzeko proiektua, Kirolgunea handitzea eta Kurtze auzoa birmoldatzea.
Anabel Landa Berangoko alkateak adierazi zuen oso pozik dagoela kontuak aurrera atera eta 2023an zorrik gabe hasi ahal izateagatik. Era berean, Icazako proiektua aurrera eraman ahal izateagaz batera, nabarmendu zuen ekipamendu berri bat emango diotela udalerriari, eraikin enblematiko batean, herritarren behar kultural berriei erantzuteko.
Oposizioko taldeak kritiko aurrekontuakaz
EH Bilduk adierazi zuen "adreiluan" oinarritutako aurrekontuak direla, eta alokairu sozialeko etxebizitzak eraiki daitezela eskatu zueen; PSE-EEk, berriz, adierazi zuen aurrekontu “pobreak” direla, ez direla "oso sozialak", ezta berritzaileak ere, eta kritikatu zuen Icaza jauregiaren birmoldaketak daborduko 3,8 milioiko euroko aurrekontua duela, “oraindino proiekturik ez duen arren”. Bere aldetik, PPk adierazi zuen Icazaren proiektuagaz Berangoko PPren eskaera “historikoa” jasotzen dela.