Zehazki, arrapala mekanikoaren instalazioa Torrekolanda kalean egingo dute, Berango-Merana ikastetxearen parean. Proiektu hori gobernu-taldearen aginte-planaren barnean kokatzen da eta udalerrian dauden oztopo arkitektonikoak ezabatzeko udal-helburuaren parte da. Kurtze auzorako irisgarritasuna hobetzeko metroaren inguruan bigarren igogailu bat jarri ondoren, orain Karabiganeko aldaparen malda gainditu gura dute, inguruko bizilagunen egunerokotasuna errazteko.
Proiektu hau Auzoak Hobetuz prozesu parte-hartzailearen eskari bat da. Izan ere, herritarrek auzo horren kota geografikoa salbatzeko konponbide bat eskatu zion Udalari. Auzotarrek agintariei komunikatutako eskarian azaldu bezala, adineko pertsona asko bizi dira auzoan, eta mekanismo mota horrek sarbidea erraztuko lieke adinagatik mugikortasunaren zati bat galdu dutenei edo mugikortasun murriztua dutenei.
Gainera, proiektu horregaz batera, Berangoko Udalak beste obra batzuk ere jarriko ditu abian: alde batetik, Kirolgunea handituko du, 800.000 euroko lizitazio-aurrekontuaaz, eta beste aldetik, Kurtze auzoa birmoldatzeko obran ere aurrera egingo du, 546.829,36 euroko lizitazio-aurrekontuagaz.