Julio Verne idazle ospetsuaren Munduari bira 80 egunetan eleberri ospetsuan oinarrituta, Berango-Merana ikastetxeko LH 3. eta 4. mailako 65 ikaslek parte hartu zuten joan den ikasturtean Maite Elejalde Guerra ingeles-irakasleak gidatutako Around the world with friends izeneko proiektuan. Horiei batu zitzaizkien Poloniako ikastetxe bateko beste 20 ikasle, Erasmus+ programako eTwinning egitasmoaren bitartez, eta, egindako lan onari esker, Espainiako Estatuko eta Europa mailako sari bana irabazi ditu taldeak. "Bi herrialderen arteko taldea izanik, garrantzitsua izan da IKT erremintak erabiltzea, eta, gainera, horixe da programa honek bultzatzen eta sustatzen duena: elkarlana", azaldu du ingeles-irakasleak.
Helburua da kontaktua, ideien trukea eta eTwinning-en parte hartzen duten herrialdeetako irakasleen eta ikasleen arteko lankidetza sustatzea, IKTen bidez.
Hala, Berangoko eta Poloniako eskoletako ikasleek Julio Verneren istorioan murgildu eta aztertu zuten, Philleas Fogg protagonistagaz batera "euren bidaia" egin eta Britainia Handia, Egipto, India, Txina, Japonia eta Estatu Batuetako errealitateak ezagutzeko, besteak beste. Horretarako, ikasleek askotariko materialak prestatu zituzten, eta ondoren audio-liburu bat osatu zuten. "Ikasle bakoitzak liburuaren biñeta bana osatu zuen, elkarrizketak osatu zituzten eta audioa grabatu genuen". Bidean, baina, askotariko beste hainbat jarduera egin zituzten, hala nola jolasak ikusitakoaz hausnartu eta gauza berriak ikasteko. Horretarako, hamar talde osatu zituzten, bi eskoletako neska-mutilak nahastuta. "Horri esker, euren artean hitz egin eta elkar ezagutzeko aukera izan zuten, bideo-deien bitartez", dio Elejaldek.
Pandemiak baldintzatuta
Emaitza horri esker, taldeak sari bi irabazi zituen iaz, 2022an, bata Espainiako Estatu mailakoa, eta bestea Europa mailakoa. Lehenengoa Madrilen banatu zuten azaroan, eta saria jasotzera joateko aukera izan zuen Elejaldek. Bigarrena, baina, ezinezkoa izan zen nazioarteko kideakaz batzea, konferentzia online egin behar izan zutelako. "Pena bat izan zen, halako proiektu bat egin ondoren sari politena delako beste herrialde batera joan ahal izatea eta atzerritik zure kide izandako horiek aurrez aurre ezagutu ahal izatea. Bideo-deien bitartez ezagutzen gara, baina ez da berdina...". Zalantzarik gabe, eTwinning proiektu guztien jarduera nagusia eta arrakastatsuena ikasleen artean bideokonferentzia izan da: "Neska-mutilak txundituta gelditzen dira atzerriko euren kideekin denbora errealean ikusteko eta hitz egiteko aukera dutenean. Bideokonferentzia hauetan, hobeto elkar ezagutu, herrialdeei buruz ikasi eta, batez ere, jolasten dugu, ikasitakoari buruz hausnartuz eta gauza berriak ikasiz".
Pandemiaren eraginez, Europako sariketa online egin behar izan zuten, eta ezinezkoa izan zuten Berangoko eta Poloniako ikasleek aurrez aurre ezagutu.
Zazpigarren saria
Maite Elejalde ez da berria mota honetako proiektuetan. Izan ere, azaldu duenez, 13 urte daramatza halako egitasmoak garatzen eta, egindako lanaren ondorioz, daborduko Espainiako bost sari eta Europako beste bi jaso ditu. Atzerriko lankideei dagokienez, azaldu du duela bost urtera arte Poloniako beste irakasle bategaz egiten zuela lan, baina orain bost urte inguru hura jubilatu zenez, "kasualitatez" egin zuen topo oraingo irakasleagaz, Anna izenekoa, eta ordutik beragaz egin du aurrera: "Oso ondo moldatzen gara lan hauetan, eta gustura egiten ditugu proiektuak". Aurten, baina, beste irakasle bat batu zaie egitasmora, Txekiar Errepublikakoa. Oraingoan, espazioa landuko dute, eta, horretarako, Koperniko izango dute protagonista.