Kontakizun laburren eta komikien lehiaketak antolatu dituzte Berangon

Iker Rincon Moreno 2023ko urr. 30a, 10:20

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, gai hori abiapuntutzat hartuta, auzokideek kontakizun laburrak edo komiki bat egiteko deia egin du Berangoko Kultur Etxeak. Lehenengo lehiaketan, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, euskarazko edo gaztelaniazko kategorietan; bigarrenean, aldiz, bi kategoria egongo dira, adinaren arabera banatuta. Lan guztiak azaroaren 17a baino lehen entregatu beharko dira.

Komiki lehiaketa Berangoko haur liburutegiak antolatu du, eta kategoria bi egongo dira, lehena, 6 eta 11 urte bitartekoa, eta bigarrena, 12 eta 16 urte artekoa. Kasu honetan, parte hartzaileek lan bakarra aurkeztu ahal izango dute, euskaraz, gazteleraz edo ingelesez. Komikiek, gutxienez, lau bineta izan beharko dituzte, eta gehienez zortzi. Lanak aurkezteko epea azaroaren 17an bukatuko da, 19:00etan. Sariei dagokienez, txikienen artean Elkar liburu-dendetan trukatzeko opari-txartel bat jasoko du irabazleak; nagusienen kasuan, Sputnik Berango eskalada-zentrorako sarrera bat. Sariak azaroaren 25ean banatuko dituzte.

Kontakizun laburren norgehiagokan, berriz, 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, eta kategoriak hizkuntzaren arabera egongo dira banatuta, hau da, bata, euskaraz eta bestea, gaztelaniaz. Lanak, gutxienez, orrialde bikoak izan beharko dira eta Berangoko liburutegian entregatu, azaroaren 17ko 20:00ak baino lehen. Irabazleek 100 euroko opari-txartel bat jasoko dute Casa del Libron trukatzeko. Kasu honetan ere, sari-banaketa azaroaren 25ean izango da.

Informazio gehiagorako, www.berango.eus

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun