Basque International Handball Cup

Emakumezkoen eskubaloiko Euskal Selekzioak Txileren kontra jokatuko du barikuan Berangon

Iker Rincon Moreno · Nahia Martinez Gondra · Iker Torre Navarro 2023ko aza. 22a, 14:12

Euskal Selekzioa.

Basque International Handball Cup 2023ren hirugarren txapelketak emakumezkoen eskubaloiaren goi-mailako kirol ikuskizuna eskainiko du aste-akabu honetan, hilaren 24tik 26ra. Horretan, Euskal Selekzioaz gainera, Lituania eta Txileko ekipoak arituko dira, eta lehenengo partidua Berangon izango da, barikuan, Kirolgunean, 18:00etatik aurrera. Horretan, Euskal Selekzioa Txileren aurka neurtuko da.

Txapelketaren formatua triangeluarra izango da eta, antolatzaileek iragarri dutenez, horrek lehia dinamikoa eta zirraragarria bermatuko du. Berangoko partiduaren ostean, zapatuan, Txile-Lituania norgehiagoka izango da, Gasteizko Zabalgana kiroldegian, 18:00etan. Domekan, berriz, Euskal Selekzioa Lituaniaren aurka arituko da, Deustuko kiroldegian, Bilbon, 18:15etik aurrera. Partida guztiek doako sarrera izango dute lekua bete arte.

"Txapelketa hau aukera paregabea da gure lurraldean emakumezkoen goi-mailako eskubaloiaz gozatzeko", iragarri dute antolatzaileek. Izan ere, partiduez gainera, kopak Euskadin eskubaloiaren praktika sustatzen eta bultzatzen jarraitzea du helburu, "gure lurraldean jarraipen eta sustraitze zabala duen kirola".

Eskubaloiko Euskal Federazioko presidentea den Sergio Barcenillak nabarmendu duenez, xedea da Berango “erdigunean” jartzea ere, Berango Eskubaloia taldeak herriko eta Uribe Kostako jende asko erakartzen duelako. “Hirugarren urtea da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Basque International Handball Cup ekimena egiten dugula. Lehenengo urtean hona ekarri genituen Argentina eta Brasil Euskal Selekzioaren kontra jokatzeko. Pasa den urtean, Eskozia. Eta, aurten, Lituania eta Txile”.

Hala, aurten Egipto ere etortzekoa zen, baina Gazako genozidioa dela eta, ezinezkoa izan da. “Egiptoko selekzioei txapelketa ez-ofizialetara joatea debekatu diete. Hasierako helburua egoitza bakoitzean bi partida jokatzea zen: Berangon, Lituania-Egipto eta Txile-Euskadi”, azaldu du Barcenillak. Horregatik, barikuan honetan, Lituaniako entrenamendua egingo dute hasieran eta gero Euskadik Txileren kontra jokatuko du. 

Gainera, Berango Eskubaloia taldeko ordezkaria den Diego Izquierdok azpimarratu bezala, eskubaloiko bi edizio hauek eragina izan dute eskualdeko neska kirolariengan: “Ekimen hau egiten hasi garenetik ikusi dugu jokatzen jarraitu gura dutela. Oso zaila da jokalarientzat ilusioarekin jarraitzea partidarik ikusten ez badute eta erreferenterik ez badute. Azken urteetan, Berango Eskubaloiko taldeen kategoriak bikoiztu ditugu”. Halaber, nabarmendu du Berango Eskubaloiko Estitxu Zabala jokalaria Euskal Selekziotik hautatu dutela, eta horrek ere, asko motibatzen dituela beste kideak.

Ildo berean, Berangoko alkatea den Itziar Aginagaldek azaldu duenez, emakumeari ikusgarritasuna eman gura zioten ekimen honegaz, azaroaren 25aren harira, “kirola eta emakumea elkartuz”.

Sergio Barcenilla, Itziar Aginagalde eta Diego Izquierdo gaur ekimenari buruz egindako aurkezpenean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun