Domekan bueltatuko da Berangoko Ibilaldi Neurtua

Iker Rincon Moreno 2023ko aza. 27a, 11:25

Berangoko Ibilaldi Neurtuaren artxiboko irudia. © SEI HERRI

Ohiko egitarauagaz bueltatuko da domekan, abenduaren 3an, Sei Herri Kultur Elkartearen Ibilaldi Neurtua Berangora. Hala, 38. edizio honetan, mendi-buelta, umeentzako tailerra, herri-bazkaria eta "giro ezin hobea" egongo da hitzordu horretan udalerriko pilotalekuan, "ez dugu gehiagorik behar!", nabarmendu dute antolatzaileek. Nagusien izen-ematea 08:15ean hasiko da, Sei Herri tabernan; txikiena, berriz, 09:00etan.

Abenduaren 3an, domekan, goizeko 08:15ean hasiko da nagusien izena emateko tartea, ondoren, 09:00etan, mendi-bueltari ekiteko. Txikien kasuan, izen-ematea 09:00etan hasi eta irteera 09:30ean izango da.

Antolatzaileek azaldu dutenez, ibilbidea "betikoa" izango da: nagusien kasuan, 16 kilometro egin beharko dituzte, Kurtzeta eta Azkorriko zatia barne; txikienek, berriz, 8 kilometro egingo dituzte. Ibilbidea amaitzerakoan, parte-hartzaileek dutxa beroa hartzeko aukera izango dute frontoian. Irabazleek 17:30ean jasoko dute saria, frontoian.

Frogaren ostean, 13:00etan, poteo-girotua egongo da udalerrian, Sei Herri tabernatik abiatuta, eta bazkaria 15:00etan izango da, 15 euroren truke. Txikienek, aldiz, sormen-eskulanak sortzeko tartea izango dute 13:00etan, eta haien bazkaria 14:00etan izango da (tiketa 3 euroan). Ordubete beranduago, nagusiek bazkaltzen duten bitartean, animaziozko pelikula bat ikusteko aukera izango dute Berangoeta kultur etxean.

Sei Herri Kultur Elkarteko kideek euren esker beroena helarazi gura izan diote ekimen hori posible egin duten udalerriko elkarte eta komertzioei, "eta nola ez, ekintza antolatzen lanean-buru belarri ibili zaretenoi, boluntario guztiei (txandalariak, mendiko garbiketa lanetan ibilitakoak, zerbitzariak, sukaldariak, etab.). Zuek gabe ez litzateke posible izango. Eskerrik asko bihotzez!".

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEg1nSmaUlqJPnTVNIWl99ZUm0hyphenhyphenct2OSyoU4FIqcEcWEh48HaHAlJY3hueD6beAuHQfargt8KARtyNYM81GIMd6a7EL9xBOQ26EInLwP7yBgbPXhsLewRf77mDqfqUcjUY2P8r0wwCwkypSwuEgLOa4TtftEB_5cgwt69TC065fR7itQaUgIaEUkUO1128/s2000/Ibilaldi%20Neurtua%202023_kartela%20(2).jpg

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun