Sonia Perez Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak eta Itziar Aginagalde Berangoko alkateak akordioa aurkeztu dute gaur goizean, udalerrian bizikletentzako aparkaleku seguru horiek egokitu eta hornitzeko.
Hitzarmenak ezartzen duenez, Aldundiak 75.000 euroko diru-laguntza emango du ekipamendu bikoitz horren instalazio osoa egiteko; Berangoko Udalak, berriz, egokitzeko eta ekipatzeko lanak egingo ditu, eta kontratua indarrean dagoen lau urteetan hura kudeatu eta mantentzeaz arduratuko da.
16 urtetik gorako edozein pertsonak, Berangon bizi edo ez, plaza horietako bat erabiltzeko eskaera egin ahal izango du. Eskaera kopurua eskainitako plaza kopurua baino handiagoa bada, zozketa egingo dute.
Hasiera batean, aparkaleku berriak urteko 365 egunetan eguneko 24 orduetan funtzionatzea aurreikusten da, eta erabiltzeko tarifak 4 euro izango dira hilabete bakoitzeko; 10 euro hiruhileko bakoitzeko; 20 euro seihileko bakoitzeko; eta 40 euro urte osorako. Hala ere, gutxienez 14 egunean behin erabili beharko da, aparkalekua bizikletak gordetzeko leku bihur ez dadin.