18 urteko gazte bi eta adinez txikiko beste bat atxilotu du Ertzaintzak Berangon etxebizitza batean lapurreta egiten ari zirenean

Iker Rincon Moreno 2024ko urt. 8a, 16:29
© SEGURTASUN SAILA

Domeka arrastian atxilotu zituzten, txalet batean, etxebizitzako leiho bat indarrez zabaldu ondoren, "in fraganti" lapurretan harrapatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Biktimak berak eman zuen lapurretaren abisua,  etxe barruan aurkitu zituen hiru gazteak atxiki ondoren.

Arrastiko 19:00ak aldera, pertsona batek ohartarazi zuen hainbat pertsona lapurretan ari zirela Berangoko bere etxean. Iturriek zabaldu dutenez, berangoztarra etxera iritsi zenean dena hankaz gora aurkitu zuen, eta, gainera, etxe barruan hiru pertsona aurkitu zituen eta, adierazi zuenez, atxikita zituen.

Ertzain-patruila bat adierazitako lekura bertaratu zen, eta etxe aurreko eskaileretan aurkitu zituen etxearen jabea eta eskularruak zeramatzaten hiru gazte, jabearen arabera, lapurreta egiten saiatu zirenak. Susmagarriak identifikatu zituztenean, agenteek egiaztatu ahal izan zuten etxeko gela batzuk nahastuta zeudela, eta, gainera, geletako batean bitxiak, kreditu-txartelak eta eramateko prestatutako beste hainbat gauza zituen poltsa bat aurkitu zuten. Miaketan, egiaztatu zuten etxeko leiho bat behartuta zegoela, eta hiru gazteak bertatik sartu zirela barrura.

Horren aurrean, agenteek atxilotu egin zituzten identifikatutako hiru gazteak, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta, eta polizia-egoitzara eraman zituzten agintari judizialaren eskuetan jarri aurretik beharrezko izapideak egitera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun