Dokumentu honen bidez, beste urte batez, gobernu-taldeak konpromiso bat hartu du herritarrakaz, eta bertan zehaztu dituzte helburu estrategikoak, ardatzak eta lan-ildoak, bai eta datozen lau urteetan egingo dituzten ekintza eta proiektu garrantzitsuenak ere. Planteatutako ekintzen betetze-maila neurtzeko aukera emango duen tresna da, eta udal-kudeaketari buruzko kontuak emateko konpromisoa izango du.
Garatuko dituzten ekintzak lau zutabetan banatuta daude. Lehenengoan, "Berango soziala eta kulturala" izenekoan, kulturari lotutako hainbat gai landuko dituzte, baita hezkuntza, ondarea, gizarte kohesioa eta berdintasuna ere. "Berango giza kalitatearekin eta erakargarria" izenekoan, tokiko udal-azpiegiturak hobetzeko eta irisgarriagoak egiteko ekimenak bultzatzea aurreikusten dute, baita etxebizitzarako sarbidea ahalbidetu eta auzoen arteko oreka mantendu ere. "Berango jasangarria" izenekoan, ingurumenari, sozioekonomiari eta tokiko komertzioei lotutako ekintzak batu dituzte eta, "Berango modernoa eta irekia" izenekoan, herritarren parte-hartzea hobetzekoak eta Udalaren funtzionamendua egokitzekoak.
Itziar Aginagalde Berangoko alkateak azaldu duenez, "2023-2027 gobernu-taldearen aginte-plana, funtsean, iazko maiatzean aurkeztutako gure hauteskunde-programan oinarritzen da. Helburu nagusia herritarren ongizatea da, haien beharrei erantzutea eta, beraz, gizarte, ekonomia eta ingurumen aldetik iraunkorragoa den Berango bat eraikitzen jarraitzeko zerbitzu ezin hobeak eskaintzea". Ildo horretan, udal-agintariak gaineratu du berangoztar guztiakaz konprometitutako plana dela, "bertan, gure eskumenekoak diren esparru guztiak jasotzen dira, eta, gainera, tresna bat da interes-talde guztiek emaitzak eskura ditzaten eta emaitzetan aurrera egin dezaten, bai eta talde horietako bakoitzari dagozkion eremuetan ere".