Unai Martinez Mankomunitateko gizarte-zerbitzuetako langilea da, eta bera da gizarte-esklusioan dauden pertsonakaz lan egiten dutenen eskualdeko erreferentea. Kontatu duenez, Berangoko Karabiazpi kaleko 2. zenbakian duten aterpean gaua pasatzeko, dutxatzeko eta zerbait beroa jan ahal izateko zerbitzua ematen dute. Aterpera sarbidea 21:00etatik 22:00etara da, eta 09:00etan utzi behar dute, eta ordutegia eta sarbidea kontrolatzeko segurtasun enpresa bateko zaindaria egoten da bertan.
"Gure inguruko errealitatea ezagutzen dugu, eta esklusio-egoeran dauden pertsonetako askok ez dute erantzun orokor bat behar, baina kasu puntualetan babesa behar dute, eta hortik ateratzen da zerbitzu hau”
Aste-akabu honetarako tenperatura baxuak aurreikusi dituztenez, aterpea prest daukate hurrengo gauetan irekitzeko; izan ere, duela bi aste ere tenperatura baxuengatik ireki zutela eta gauero beteta egon zela kontatu du Martinezek. “Urtearen arabera, zerbitzua erabiltzen duten pertsonen kopurua aldatzen doa, baina irekitzen dugun bakoitzean baten bat etortzen da”, gaineratu du gizarte-langileak.
Dioenez, erabiltzaileak ez dira profil konkretu batekoak, "denetarik dago, hona etortzeko ez dute zertan kalean bizi behar, baina horrelako muturreko baldintza klimatologikoetan beraien bizilekua arriskutsua bada ona etorri daitezke”. Hala ere, azpimarratu duenez, "hau zerbitzu puntuala da, ez da egoera zaurgarrian dauden pertsonei erantzuna emateko, horregatik bakarrik irekitzen da arrisku-egoera bat dagoenean".
Zehaztu duenez, bertan gizonak bakarrik onartzen dituzte, emakumeentzako aterpe-zerbitzua Algortan dago, edo lekurik ez badago beste hostatu batera eramaten dituzte. "Getxoko Udalarekin dugun hitzarmenari esker gizarte-bazterkeria egoeran dauden pertsonei arreta ematen diegu, hemen gaua pasatu dezakete; arreta jarraituagoa jasotzeko Getxoko eguneko zentrora edo jantokira joan daitezke".
"Hona datozen pertsonek zerbitzua ezagutzen dute guk esaten diegulako, Algortako jantokian esaten dietelako edo beraiekin lan egiten duten elkarteek jakinarazten dietelako. Beste batzuetan, poliziak edo Aldundiko larrialdi-zerbitzuetako langileek kalean ikusten dituztenean ona ekartzen dituzte", azaldu du Martinezek.