Sakonean

Darabilten mugimendu autonomoaren pedagogia ezagutzeko asmoz, 130 irakaslek bisitatu dute Berango-Merana herri-eskola

Iker Rincon Moreno 2024ko ots. 15a, 12:25

Iñaki Acasuso, Maitane Iratzagorria eta Irantzu Duce, eskolan.

Joan den urtarrilaren erdian, EAEko eskola publikoetako Haur Hezkuntzako 130 irakasle inguruk bisitatu zuten Berango-Merana herri-eskola. Bertan, Berritzeguneak antolatutako formazio-saioan, berangoztarrek mugimendu autonomoan lan egiteko iaz abiarazitako bidea aurkeztu zuten, horretan murgildu gura duten profesionalek ere ideiak har zitzaten eta, aldi berean, "hezitzaileak saretu eta ahaldundu zitezen", Berritzeguneak azaldu duenez. Hori horrela, Berangoko ikastetxea bisitatu dugu, hasi berria duten prozesua beren-beregi ezagutzeko.

Hausnarketa-prozesu sakon baten ostean, 4 eta 5 urteetako neska-mutilen artean mugimendu autonomoaren metodologia ezartzea erabaki zuten iaz, 2022-2023 ikasturtean, Berango-Merana eskolako irakasleek. Gogoeta, baina, ez zen nolanahikoa izan. Pedagogia hori darabilten edo hori erabiltzen hasita dauden inguruko hainbat ikastetxegaz harremanetan jarri ziren, eta horietako batzuk bisitatu ere, hala nola Urdulizko Elortza eta Leioako Altzaga eskolak. Hala, pixkanaka-pixkanaka, haien errealitatera egokitutako aldaketak proposatu eta etapa bakoitzeko zenbait akordio adostu ondoren, proiektua martxan jarri zuten 2023ko Aste Santuaren ostean, “Berritzeguneko aholkularien gidaritzapean”, eskolako zuzendari Irantzu Ducek azaldu duenez.

Zuzendariak dio bat-batean etorritako prozesua izan dela abiatutakoa, ingurua behatuta ikusita joera ildo horri jarraitzea zelakoan. “Prozesu espresa izan da, arina, eta agian lar arina, baina baldintzek hala behartu digute; trena behin pasatzen da, eta ez genion horri uko egin”. Eta, orain, emaitzakaz pozik daudela dio: “Oraindik ere ikasketa-prozesuan gaude, eta egindako akatsak zuzentzen ari gara. Emaitzak epe ertain-luzera ikusiko ditugu, baina balorazio oso positiboa egin diogu egindako lanari”.

Haur Hezkuntzako 4-5 urteko ikasleek erabiltzen duten eraikina baliatu zuten metodologia pedagogiko hori ezartzeko, azpiegitura horrek behar horietarako aukera paregabea eskaintzen duelako: eraikin osoa baliatuta, bertan dauden lau gelak erabiltzen dituzte, eta horietako bakoitzean ekosistema bana dute jarrita. “Ekosistema bakoitzean lengoaia mota bat lantzen dute ikasleek: matematikoa, artistikoa, zientifikoa eta sinbolikoa, eta, horietan, probokazioak jartzen ditugu hezitzaileok, ikasleak horiekin treba daitezen”, azaltzen du Maitane Iratzagorria irakasleak.

Ildo horretan, Iñaki Acasuso hezitzaileak dio lan egiteko moduari bira eman behar izan diotela maila horietako irakasleek, orain arteko irakaskuntza-eredua alde batera utzita, zeinetan lehen irakaslea zen erdigunea, fokua ikaslearengan jartzeko: “Ikaslea da orain ikasketa-prozesu osoaren protagonista. Umeak esploratzeko askatasun osoa du. Autonomiaz pentsatzeko aukera ematen dio metodologia honek; ikasleak berak erabaki behar du zer nahi duen momentu oro, eta hori, garapenerako, ezinbestekoa da”.

Hala, irakasleek, orain, ekosistema bakoitzerako probokazioak prestatzen ditu, eta, ondoren, bazter batean gelditzen da, “behatzen eta, behar denean, ikasleari laguntzen”. Horretarako, gainera, zuzendariak azpimarratzen du ez dutela edozelako materialak erabiltzen, “naturalak eta esperimentatzeko aukeran ematen dutenak erabiltzen ditugu, askotariko erabileretarako aukerak ematen dituztenak, ez egituratuak. Hor daude, eta ikasleak berak ematen dio erabilera bat horri”.

Iratzagorriak azaltzen duenez, lehenengo murgiltze fasean 4-5 urteko neska-mutilak izan dituzte eredu horretan, adinak nahastuta ekosistema guztietan. “Nahastuta daude; lehenengo, talde bakoitza bere gelara doa irakaslearekin, eta, bileratxo bat egin ostean, ekosistemak zabaldu eta ume bakoitza askea da nahi duenera joateko eta horretan nahi beste denbora egoteko”. Ekosistema bakoitzean irakasle bana dago, bertan dauden neska-mutilak behatzen eta, behar izatekotan, laguntzen. Gainera, aldiro, ezarritako probokazioak moldatu, baztertu edota gehitzen dituzte ekosistemaz ekosistema: "Etengabeko lana da".

Metodologia zabaldu guran

2023-2024 ikasturte honetan, iaz hasitako lanari jarraipena eman gura diote Berangon, eta 2 eta 3 urteetako geletan lehenengo urratsak ematen hasi dira, baita Haur Hezkuntzatik aurten Lehen Hezkuntzara igaro diren ikasleakaz ere, “betiere ditugun espazio eta baliabideei egokituta”. Kasu horretan, irakasleek aitortzen dute “hasiera-hasieran” daudela, eta egoeretara moldatzen ari direla antzeko ereduak ikusita. Hala ere, iragarri dute, etorkizunean, zuzendaritza-taldearen asmoa dela hasitakoa finkatzea eta gainerako etapa guztietara eramatea mugimendu autonomoaren metodologia pedagogikoa. “Kontziente gara prozesu luzea eta momentu batzuetan latza izango dela”, aitortzen dute, baina konbentzituta daude horregaz haurraren garapen osoa, orekatu eta harmonikoa bilatzen dutela, “eta gerora etorriko den guztiaren oinarri sendoa izango dela”.

Mugimendu autonomoaren zutabeak:

  • Haurra ikasketaren protagonista.
  • Mugimenduaren garrantzia.
  • Haurraren garapena eta erritmoak.
  • Segurtasun afektiboa eta atxikimendua. Zaintza bere osotasunean.
  • Espazio, materiala eta naturaren garrantzia.

Mugimendu autonomoaren printzipioak:

  • Haurraren garapen maila eta erritmo ezberdinekiko errespetua.
  • Irakastetik segizioa egitera pasa.
  • Askatasunerako espazioak.
  • Jakin-minaren pedagogia.
  • Konstruktibismoa eta soziokonstruktibismoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun