Duela zazpi urte arte, Ranerok itsaspeko arrantzarako ekipamendua saltzen zuen enpresa batean egiten zuen lan, baina enpresak itxi zuenean, Berangon bere negozio propioa irekitzea erabaki zuen. "Ez dut arrantzarik egiten, burua urpean sartu ere ez dut egiten, baina ezagutzen dudan eta asko gustatzen zaidan negozioa da; bezeroakaz dudan harremana oso hurbila da eta oso jende jatorra etortzen zait", kontatu du dendariak.
Bere bezeroen artean denetarik dagoela dio, batez ere, hasten ari diren gazteak: "Denda ireki nuenean etortzen zitzaizkidan arrantzaleen seme-alabak etortzen zaizkit orain, beraiekaz dudan harremana oso hurbilekoa dudalako". Bizkaia osotik, Arabatik eta Kantabriatik ere etortzen zaizkio erosleak. Dioenez, berea bezalako negozio espezializatu oso gutxi daude inguruan, denek itxi behar izan dutelako. Horrez gain, azpimarratu du bere bezeroek asko baloratzen dutela ekipoa probatzeko ematen dien aukera, ematen dizkien aholkuak eta zintzotasuna: "Neoprenoa probatzeko xaboia eta dutxa bat behar dituzu, nik hori eskaintzen diet hemen".
Kontraesana eman arren, Ranerok dio arrainek "pena apur bat" ematen diotela, baina bere bezeroek praktikatzen duten arrantza-mota fama txarra izan arren, "existitzen den selektiboena da, arrantzaleek banan-banan aukeratzen dituztelako arrainak, eta, oro har, jende adeitsua direlako".
Bere negozioarentzako eragozpen nagusia Interneteko salmenta dela dio, eta horregatik, urtez urte gero eta arazo gehiago ditu aurrera jarraitzeko: "Bizitza gero eta garestiagoa dago, eta jendea aurrezten saiatzea normala da, baina gero herriko negozioak ere gura ditugu, eta askok ez isteko eskatzen didate".