Duela 43 urte, Gotzon Udondoren gurasoek aitaren abizena daraman harategia ireki zuten. Hala, negozioaren burua den 30 urteko gazteak negozioagaz jarraitzen du egun. Halere, ez zuen inoiz espero harategiaren buru bilakatzea. "Bizitzak buelta asko ematen ditu", aitortu du.
Harategiak bertoko produktua saltzen du, eta horrek egiten du berezi bere ustetan: "Euskolabel denda gara, eta gustatzen jaku hemengo produktua saltzea". Gainera, haiek egindako elaboratuak eta sukalkiak ere saltzen dituzte. Hala, tokiko abeltzainei erosiz, gainontzeko harategietatik bereizten ahalegintzen dira. Euren ustez, "kalitatea" baita euren faktorerik garrantzitsuena.
Nahiz eta azken urteetan komertzio eta supermerkatu handi asko ireki inguruan, aitortu du euren kasuan ez dutela ezberdintasunik nabaritu. "Kalitate oso altua dugu eta gure bezeroak fidelak dira, betikoak. Horren ordez, hoberantz egin dugula uste dut", baieztatu du.