"Milioika euro balio duen proiektu urbanistiko" bat geldiarazteko eta Otxantegi Herri Lurra izeneko egitasmoa agroekologikoa martxan jartzeko asmoz, Otxandategi dorretxea eta haren lursailak okupatu zituzten 2022an. Bi urte beranduago, hutsarazte saiakera bi egin dituzte epaitegien aginduz, baina Ertzaintzaren "baliabide nahikorik" ez zituztela esanez, birritan atzeratu zuten hustuketa, azaroan eta apirilean.
Gaur, ordea, izugarrizko baliabideakaz agertu da Ertzaintza, eta goizean goizetik aritu da ingurua desalojatzen. Sarreran babesa ematera hurbildutako kideak kanporatu dituzte agenteek lehenengo, eta lurrak eta dorretxea defendatzen ari zirenak gero. Kanpoan, ekintzaileek eserialdia egin dute, "erresistentzia baketsua" egin guran; horiek banan-banan kanporatu dituzte, baita identifikatu ere. Ondoren, Ertzaintza dorretxera sartu da mailuen bidez, eta bertan gotortuta zeudenak kaleratu dituzte, teilatukoak baita ere. Azkenik, 13:00ak aldera, sarrerako egurrezko egituran eskegita zegoen ekintzailea jaitsi eta identifikatu dute. Ekintzaile guztiak kanporatuta, sarrailagileak sartu dira ingurua ixteko. Guztira, 40 pertsona baino gehiago identifikatu ditu Ertzaintzak, desobedientzia egotzita.
Identifikatutakoez gainera, Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du, eta Neguriko ertzain-etxera eraman dute. Otxantegi Herri Lurreko kideek jakinarazi dutenez, hura ere zaurituta dago, eta daborduko aske dago, bihar bertan, eguaztenean, izango den epaiketaren zain. Beste bi pertsona ere zaurituta daude, eta Urdulizko ospitalera joan behar izan dute. Horietako bati beso-euskarria jarri diote, eta kolpeak ditu gorputzean, "baina ez du ezer apurtuta". Bestea, aldiz, ehunen apurketa du hankan.
Ekintzaileek HIRUKAri ohartarazi dietenez, eserialdian eta barruan gotortuta zeudenek "mehatxu psikologiko handiak" jaso dituzte polizien partetik, eta kazetaririk ez zegoela aprobetxatuta ertzainek erabilitako biolentzia salatu dute, "jendea kolpatzen aritu dira etengabe". Hala eta guztiz ere, nabarmendu dute, kanporatu dituzten arren, lurraren espekulazioaren kontra “borrokatzen” jarraituko dutela. Era berean, gerturatutako herritarren babesa ere eskertu dute, eta “beste estrategia” batzuk erabilita “etxebizitza proiektu espekulatzaileari” aurre egingo diotela iragarri dute.
Horrez gainera, ekintzaileetako batek zitazio judizial bat jaso du eta, dirudienez, epaiketa du zain, proiektu urbanistikoa atzeratzearen arduradun gisa.
Argazki-galeria
Eguneko kontakizuna
Aurrekoetan “baliabide nahikorik” ez zituztelakoan, hustuketa-operazioak atzeratu zituzten, bi aldiz. Oraingoan, Ertzaintzaren 15 furgoneta eta 7-8 patruila eta udaltzainak gerturatu dira.
— Hiruka (@HirukaEus) May 7, 2024
Bitartean, Gorrondatxe errepideko erreil bat itxi dute. pic.twitter.com/W31ykciPut