Berangoko EH Bilduk deitoratu du "kontrol soziala ezartzeko" gizalegezko ordenantza bat onartu gura duela Udalak

Iker Rincon Moreno 2024ko mai. 16a, 12:35

Berangoko erdigunea, artxiboko irudian.

Udalerriko eremu publikoa eta hirigintza-paisaiaren babesa arautzeko gizalegezko ordenantza berri bat onartze bidean da Berangoko Udala. Joan den martxoaren 26an onetsi zuen behin-behinean Udalbatzak hori, ohiko osoko bilkuran, eta apirilaren 24an argitaratu zen Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Horren aurrean, baina, Berangoko EH Bilduk bere ezinegona adierazi du, "kontrol soziala" bilatzen duelakoan. Hori dela eta, osoko zuzenketa bat aurkeztuko duela iragarri du. Horri erantzunez, Itziar Aguinagalde alkateak azpimarratu du hori ez dela horren helburua, "baizik eta espazio publikoa elkarbizitzarako eta gizalegerako leku gisa zaintzea".

Berangoko eremu publikoa eta hirigintza-paisaiaren babesa arautzeko gizalegezko ordenantza behin betiko onartzeko bidean da Udala. Hori horrela, Berangoko EH Bilduk iragarri du osoko zuzenketa bat aurkeztuko diola egitasmo horri, proiektu alternatibo bat aurkeztuta, "zentzuduna eta ez hain zigortzailea", iragarri du David Martin bozeramaileak.

Izan ere, koalizio abertzalearen arabera, ordenantza berri horrek "kontrol soziala bilatzen du", eta Udalak ez ei du eman daturik ordenantza mota horren beharra bermatzeko daturik. "Ez ditu datu horiek eman eta ez du modu aktiboan sustatu herritarren parte-hartzea, ezta ordenantza honi buruzko ezagutza ere", azpimarratu du Martinek.

"Ordenantza murriztaile mota hori gobernatzen duen udal askotara eramaten ari da EAJ inorekin hitz egin gabe, ez da Berangoko kasu esklusiboa", deitoratu du EH Bilduk.

Horren aurrean, Itziar Aguinagalde Berangoko alkateak azaldu du ordenantza "herritarren jokabidearen kode sistematikoa" dela gainerako auzotarrekiko harremanetan, eta horren helburua ez dela "kontrol soziala" izatea: "Gure asmoa da ingurunearen barruan, oro har, kalitate-maila ezin hobea ematea, eta herritarren eskubideak babestea giza jardueraren ondorio asaldatzaileen aurka, esku-hartze horrek eragindako degradazio-moduak eta izan ditzakeen ondorioak zuzentzea, ondorio horiek saihesteko beharrezko neurri gisa".

Udal-arduradunak azpimarratu du gizalegea modu "natural" batean ezarri beharko litzatekeela; hala ere, deitoratu du hori ez dela horrela izan azken urteotan, eta "askotarikoak" gertatu direla udalerrian, hala nola "bandalismoa, zaratak eta eragozpenak sortzea bizilagunentzat aisialdiko gune jakin batzuetan, zikinkeria, edo kalteak edo deserosotasunak eragin ditzaketen jarduera jakin batzuk egitea bide publikoan". Ildo horretan, azpimarratu du horien berri izan duela Udalak "egunero jasotzen dituen instantzia ugariei eta udaltzaingoaren txostenei erreparatuta".

Hala eta guzti ere, EH Bildukoek adierazi dute eredu hori ez dela koalizio abertzalearena eta, "bere oinarriak eta udalerriko hainbat pertsona kontsultatu ondoren", iragarri du osoko zuzenketa bat aurkeztuko duela, "seguruenik hurrengo astean". Era berean, herritarrei dei egin diete alegazioak aurkeztera, "interesekoa baita".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun