#0KM - Berton bertokoa

Xabier Begoña: "Hemengo eta denboraldiko arraina soilik saltzen dugu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko mai. 22a, 13:05

Berangon kokatuta dago Begoña Arraindegia.

2016an ireki zuen Xabier Begoñak bere abizena daraman negozioa Berango erdialdean: Begoña Arraindegia. Harro aitortu du bere "bezeroen % 90 fidelak" direla; aste-barruan, nagusiak hurbiltzen dira gehienbat, eta aste-akabuetan, gazteak. Argi du arrandegiaren berezitasuna azken produktua tratatzeko duten era dela: "Arraina etxera nola heltzen den asko zaintzen dugu: arraina garbitu, sikatu, prestatu, enbasatu... Oso garbi heltzen da".

Xabier Begoñak taberna batean zerbitzari gisa lan egiten zuen 2012an lanik gabe gelditu zen arte. Orduan, supermerkatu bateko arrandegian hasi zen lanean, eta bertan, asko irakatsi zioten. 3 urte eta gero beste arrandegi batera joan zen, eta azkenean, gaur egun duen negozioa ireki zuen.

Begoñaren esanetan, denboraldiko eta hemengo arraina soilik saltzen dute: "Belatza, antxoa, berdela, itsas-zapoa, oilar txikiak eta handiak, bakailao... baina dena hemengoa. Guztia da Atlantikotik ekarritakoa".

Hala, aitortu digu bere bezeroak betikoak direla, "% 90 fidelak". Euren profilari erreparatuz, gehienbat jende nagusia dela dio; gazteak normalean goizetan ez daudelako herrian, eta orduan da arrandegiek irekitzen duten momentua. "Aldagai asko kontuan hartu behar dira: denbora, dirua, bizitzako erritmoa... Larunbatetan jende gaztea etortzen da, eta asteartetik ostiralera, nagusiak".

Era berean, arreta handia jartzen diote arrainaren azken prozesuari, eta horrek ezberdintzen dituela uste du. "Arraina oso garbi eta siku heltzen da etxera, eta erretilu batean jartzen dugu beti. Asko zaintzen dugu erosketaren azkenengo prozesu hori", onartu du Begoñak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun