#0KM - Berton bertokoa

Coco: "Zerbitzu bat emateaz gain, bezeroa zaintzen eta mimatzen dugu"

Nahia Martinez Gondra 2024ko eka. 12a, 15:21

2023ko urtarrilean ireki zen Coco apaindegia.

Coco apaindegia Berango erdigunean kokatuta dago, udalerriaren metrotik 5 minutura. Melody Solange jabeak 2023ko urtarrilean ireki zuen negozioa, eta ile-apaindegia izateaz gain, manikura, pedikura, depilazioa, fisioterapia eta beste hainbat zerbitzu eskaintzen ditu. Denbora gutxi darama Cocok irekita, baina jabeak ziurtatu digu hurbildu diren bezero guztiek bere negoziora joaten jarraitzen dutela. Hala,  "ongizatea eta osasuna" hitzakaz laburbildu du Cocoren identitatea.

Hasiera zaila izan zela azaldu digu Melody Solangek, oraindino jendeak ez zuelako ondo ezagutzen: "Apurka-apurka eta ahoz aho nire negozioa ezagunagoa egiten joan zen. Ume eta gizonei mozten nien ilea hasieran. Beranduago andreek ere ilea mozteko eskatu zidaten. Egun, denetarik egiten dut".

Hala, profil guztieakaz lan egiten duela baieztatu du, "2 urteko umeetatik, 91 urteko lagunetara". Hala ere, bere bezerorik fidelenak 30-70 urteko emakumeak dira, "edade horretatik aurrera ile-kolore eta azalagatik gehiago kezkatzen hasten direlako".

Solangerentzako Cocok "norberarentzako une bat" eskaintzen du: "Zain zauden bitartean masaje lasaigarri bat egin dezakezu edo pedikura ere. Gainera, kafea eskaintzen dugu". Azaldu duenez, beste ile-apaindegi batzuetan ez bezala, haiek ez dute xanpu bereziengatik kobratzen. "Zerbitzu bat emateaz gain, bezeroa zaintzen eta mimatzen dugu", baieztatu du.

Nahiz eta Cocok denbora gutxi eraman, harro onartu du etorri diren bezeroak ez direla joan eta hilabeteak pasa ahala ikusten jarraitzen dituela. Hala, bere apaindegian zerbitzu guztiak eskura daudela nabarmendu du: "Depilatu edo metxak egin nahi badituzu, hemen duzu aukera. Ez duzu beste leku batera joan behar: gugan konfiantza izanda, dena duzu eskura", azpimarratu du.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun