Elkarretaratzeak egingo dituzte Berangon hildako langileagatik

Ander Zarraga 2024ko abu. 6a, 17:28

© LAB

Gehiengo sindikalak eta herritarrek kontzentrazio bana egingo dute eguenean, abuztuak 8, Berangon lan-istripuan hildako 63 urteko beharginaren kasua salatzeko.

Batetik, LAB, ESK, Steilas, EHNE-etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egingo dute egunean, 11:30ean Bilbon, Biena aurrean, Jesusen Bihotza plazan. Sindikatuek deialdian salatu dutenez, "prekarietateak hil egiten du" eta patronala eta instituzioak egin dituzte horren erantzule.

Bestetik, egun berean, herritarrak 19:00etan batuko dira Berangoko frontoiaren aurrean langilearen heriotza salatzeko. 

63 urteko langilea astelehenean hil zen, 15:00ak aldera, koadro elektriko bat buruaren gainera erori zitzaionean, Berangoko txalet batean eraikuntza-lanak egiten ari zela. LAB sindikatuak salatu du aurten 35 pertsona hil direla Euskal Herrian lanean ari zirela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun