Sonia Perez Ezquerra Garraio, Mugikortasun eta Turismo diputatuak aparkaleku horien garrantzia azpimarratu du, lurralde-estrategia integral baten testuinguruan. "Foru Aldundiak bultzatutako bizikleta bidezko mugikortasun-baliabideek erreferentziazko lurralde bihurtu gaituzte, Estatuan zerbitzu mota horren hazkunde azkarrenarekin", baieztatu du. "BiziPark berri bakoitzarekin, Bizkaia iraunkorragoa, seguruagoa eta konektatuagoa eraikitzen ari gara, non bizikleta garraio pribatuaren alternatiba erreala eta irisgarria den. Apustu horrek herri guztiak hartzen ditu, handiak zein txikiak, udalerri bakar bat ere mugikortasun garbiago eta eraginkorrago baterako eraldaketa horretatik kanpo geratzen ez dela bermatzeko".
Bestalde, Itziar Aguinagalde Berangoko alkateak azpiegitura horiek tokiko komunitatearentzat duten garrantzia azpimarratu du: "Instalazio horiek gure bizilagunen eguneroko mugikortasuna errazten dute, bizikletaren erabilera garraiobide gisa indartuz. Gainera, dagoeneko garatzen ari den Bizikleta Planarekin lotzen dira, herritarrek 2024ko partaidetza-aurrekontuetan babestu zutena eta 2025eko hasieran gauzatuko dena".
BiziPark berri horiek erabili ahal izateko, auzokideek izena eman beharko dute abenduaren 23tik urtarrilaren 15era bitartean. Izen-emateak lekuak baino gehiago badira, zozketa bidez esleituko dituzte plazak.