EPPK uzteko erabakia hartu du Orkatz Gallastegi preso berangoztarrak

Erredakzioa 2024ko abe. 23a, 09:54

Euskal presoen aldeko ekimen bat, Berangon, artxiboko irudian.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) uztea erabaki du Orkatz Gallastegi Sodupe preso berangoztarrak. Ohar baten bidez adierazi duenez, "oinarrizko koherentzia politiko batek" eraman du pauso hori ematera, eta azpimarratu du kidegoa uzteko erabakiak ez duela inoren aurka jotzeko xederik. Gallastegi Arabako espetxean dago gaur egun.

Orkatz Gallastegi preso berangoztarrak EPPK utzi du, ezker abertzaleak azken urteotan garatu duen ildo eta estrategia politikorako "desadostasun sakonek" bultzatuta. "Mugimendu politiko honekiko desidentifikazio batera eraman naute", azaldu du ohar baten bidez; izan ere, bere aburuz, "behinola Euskal Herriaren askapen nazional zein sozialerako erreferente politiko izan zenak, berau izateari utzi dio".

Era berean, kolektiboaren beraren izaera kritikatu du, "koherentzia politikoa urratzen" ari dela iritzita: "Gatazka politiko orotan, presoek bete beharreko rola preso izatera eraman dituen borroka politikoaren zilegitasuna mantentzean datzala deritzot; hots, herri batek zapalkuntzari aurre egiteko duen eskubidea ez ukatuz ez eta gaitzetsiz ere. Uste dut koherentzia politiko hori urratzen ari dela EPPK eta, beraz, Ezker Abertzaleak presoen afera bideratzeko ezarritako bide-orriaren ondorioz".

Presoen aferari dagokionez, deitoratu du haien egoera "zinez dramatikoa" dela uneotan, "espetxeetan botata gelditu baitira". Uste du "baldintza horietan ezin zaiola ezein gatiburi koherentzia politikoa manten dezala exijitu", eta, horregatik, "presoek kaleratzeko bidea bilatzeko duten eskubidea aitortu" du. Hala ere, deitoratu du "oraindik bukatu ez den askapen borroka baten kalterako" dela "kalerako bidea elkarbizitzaren, normalizazioaren edo bakearen izenean politikoki justifikatzea".

Dena dela, Gallastegik argitu du kolektiboa uzteko erabakia ez dela izan inoren aurka jotzeko, baizik eta  "oinarrizko koherentzia politiko batek" eraman duela pauso hori ematera. Hori horrela, hemendik aurrera ezker abertzalearen mugimenduak eskain diezaiokeen edozein sostengu juridiko, ekonomiko zein politiko orori uko egingo diola iragarri du. Era berean, Berangoko ezker abertzaleari eskatu dio ez dezala bere izena ezta irudia ere erabili bere jarduera politikorako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun