Gailurra Ziurra egitasmoak sagardotegira eramango ditu eskualdeko euskaltzaleak

Ander Zarraga 2024ko abe. 31a, 10:21

Izena emateko azken eguna urtarrilaren 2a izango da, eguena, hain zuzen.

Axpuru Kultur Elkarteak antolatutako hurrengo topaketa Astigarragan izango dela iragarri dute, sagardotegi batean; izan ere, Erandion euskaraz berba egiteko guneak sustatzen jarraitzeko asmoz, otsailaren 1ean Sagardobusa antolatuko dute.

Urrian, Erandioko Axpuru Kultur Elkarteak martxan jarritako Gailurra Ziurra egitasmoa euskaldunentzako guneak sortzeko helburua du, eta daborduko hainbat txango burutu dituzte Erandio, Leioa eta Gorliz inguruan. Oraingoan, ekimenari kutsu berezi bat eman gura diote, parte-hartzaileak Astigarragako sagardotegi batera eramango baitituzte.

Hala, otsailaren 1ean Bilbotik Sagardobusa hartuko dute, goizeko 11:00etan. Egun osoko plana izango dela iragarri dute, autobusa 23:00ak inguruan bueltatuko baita etxera.

Nola parte hartu?

Parte hartu gura dutenek axpuruelkartea@gmail.com helbidera idatzi beharko dute izena emateko. Erreserbak urtarrilaren 2an itxiko dituzte, beraz, interesdunei garaiz izena ematea gomendatu diete.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun