Uribarrik azaldu duenez, hasieran, haztegi txiki bategaz hasi zen euren aita, Euonymus motako heskaiak landatzen eta Madrilen, Valentzian eta beste hainbat tokitan saltzen. "Urteekin, inguruko lorezainak ere etortzen hasi ziren, beste landare batzuk ekoizten eta ekartzen hasi ginen eta denborarekin eskaintza biderkatzen joan gara", kontatu du.
Itxaso eta Javi Uribarrik euren aitaren lekukoa hartu zuten; izan ere, txikitatik egon dira murgilduta mundu horretan. "Nire anaiak argi zuen hemen jarraituko zuela, baina nik beste asmo batzuk nituen: enpresa-kudeaketa ikasi nuen, baina, gero, Derioko Nekazaritza Eskolan hasi nintzenean, bueltatzeko gogoa sartu zitzaidan", gogoratu du Itxasok.
Dioenez, landareek eguneroko lana eskatzen dute: zainketak, ureztatzea, lekuz aldatzea... Horretarako, jatorri eta ezagutza askotako 13 pertsona ari dira lanean Viveros Faduran. "Batez ere, haztegian zentratzen gara, hori ondo egotea eta zerbitzu ona ematea da gure helburua, baina, horrez gain, kanpoko lanak ere egiten ditugu, lorategien instalazioak bereziki".
Mintegian dituzten espezieak zenbatezinak dira: fruta-arbolak, loreak, barruko landareak, heskaiak... bakoitza bere xehetasunakaz eta beharrakaz; horregatik, izurriteei eta gaixotasunei buruz jakitea ere ezinbestekoa dela azpimarratu du Uribarrik. "Landareen mundua izugarri aberatsa da, etengabe gaude ikasten, eta gustatzen bazaizu, oso pozik etortzen zara lanera".
Etorkizunera begira, egungo kalitatea eta zerbitzua mantentzeaz gain, Uribarrik jendearen artean landareen ezagutzaren kultura hedatzea gustatuko litzaiekeela kontatu du: "Haztegira etortzea landareez gozatzeko esperientzia gisa hartzea ere sustatu nahiko genuke; jende asko etortzen da paseatzera eta hemendik pozik joatea nahiko genuke. Hori ere gure erronka da".