Berangoko Udalak Lantzarte auzoko zelaian eraiki gura duen aparkalekuak zalaparta sortu du herritarren artean

Iker Rincon Moreno 2025ko mar. 28a, 10:13

Berangoko Udalak 90 plaza izango dituen aparkaleku bat eraikiko du Lantzarte auzoko berdegunean. Horrek zalaparta eragin du inguruan, Lantzarte Bizirik elkarteko kideek ohartarazi dutenez, jarduketak urratu egin ditzakeelako indarrean dauden hirigintza- eta ingurumen-araudiak, eta alde batera uzten ari direlako bizilagunek proposatutako alternatiba bideragarriak.

Berangoko Lantzarte auzoak 90 plazako aparkaleku publiko berri bat izango du, inguru osoa berrurbanizatzeko Udalak sustatutako plan baten ondorioz. Hala ere, proiektuak kontrakotasun handia sortu du tokiko bizilagunen artean, auzoaren berdegunea suntsituko duela kritikatu eta bideragarriak diren aukerak baztertu egin direlako.

Era berean, salatu dute Udalak ez duela benetako kontsulta publikorik egin eta emandako informazioa ez dela guztiz gardena izan. Era berean, ohartarazi dute jarduketak urratu egin ditzakeela indarrean dauden hirigintza- eta ingurumen-araudiak, eta alde batera uzten ari direla bizilagunek proposatutako alternatiba bideragarriak, hala nola autobus-geralekuaren atzean 52 plazako aparkalekua egitea, errepidetik gertu, "eta, beharrezkoa balitz, bigarren fase batean, beste bat beherago, edukiontzien ondoan, baterian; baina benetan uste dugu bigarren hau ez litzatekeela beharrezkoa izango".

Egoiliarrek salatu dute aparkalekua auzoaren berdegunean eraikiko dela –zelaiaren % 21 hartuko du azpiegiturak, Udalak emandako datuen arabera–, eta ohartarazi dute jarduketak espazio horretan eraikitzeko atea ireki dezakeela, iraganean Udalbatzan aukera hori baztertu egin zen arren. Horren harira, Itziar Aginagalde alkateak azpimarratu du hori ez dela horrela, eta lurzorua urbanoa izan arren, ez dela "inola ere" bertan etxebizitzarik eraikiko. Hala eta guztiz ere, Lantzarte Bizirik auzo elkarteko kideek diote ez dakitela zer dagoen prozesu horren guztiaren atzean, ez dutelako ulertzen zergatik gobernu-taldea dagoen horren tematuta parkinga modu horretan egiteko, "zehazki, 2011ko plan hartako planoetan agertzen den bezalaxe". Era berean, salatu dute agintariek badakitela auzoak ez duela proiektu hori gura, eta hala eta guztiz ere aurrera jarraituko dutela. Hala, daborduko 150 sinadura baino gehiago bildu dituzte proiektuaren aurka, eta lapiko-protestak eta pankartak jarri dituzte egunotan auzoan.

Itziar Aginagalde alkateari kontrakotasun honi buruz galdetuta, jakinarazi du ez duela inolako baloraziorik egingo: "Gaia behar bezala amaituta gelditu da, martitzeneko osoko bilkuran agerian gelditu den bezala".

Proiektua

Tokiko gobernu-taldeak (EAJ) azpiegituraren beharra defendatu du, inguruan erregistratutako 215 ibilgailuentzako tokirik ez dagoelakoan, gaur egun 80 aparkaleku baitaude. Era berean, gogoratu du proiektua EAJren Agintaldi Planean jasota dagoela eta herri-galdeketa baten babesa duela. Hala ere, auzotarrek zalantzan jarri dute horren legitimitatea, eta "zuzendutzat eta arbitrariotzat" jo dute, herritarren zati handi bat kanpoan utzi zuela argudiatuta: “Bakarrik bozkatu ahal izan zuten garajerik ez zuten herritarrek, alkateak uneoro esaten duen arren azpiegitura interes orokorrekoa dela”.

Alternatiba gisa, Lantzarte Bizirik elkarteko kideek "ingurumen eta ekonomia inpaktu txikiagoko" diseinu bat proposatu zuten iazko azaroan. Azaldu dutenez, proposamena azterketa arkitektoniko batek bermatua zegoen, eta gogoratu dute agintariek agindu zietela aztertuko zutela. Hala ere, urtarrilean, gobernu-taldeak hura baztertu zuela deitoratu dute, “inolako justifikaziorik eman gabe”.

Hala, Lantzarteko bizilagunek salatu dute alkateak ez duela bete alternatiba bideragarriak bozketara eramateko aurreko osoko bilkuretan hartutako konpromisoa, eta kontsulta falta horrek mobilizazioak eragin ditu. Astelehenean, lapiko-protesta egin zuten auzokideek Lantzarten bertan, eta martitzenean, ohiko udalbatzara jo zuten euren desadostasuna agertzeko. Bertan, alkateak aitortu zuen hainbat alternatiba jaso dituztela, azkena joan den astelehenean bertan. Hala ere, azaldu zuen azken proposamen horretan “lursailaren zati handiago bat erabiliko litzatekeela parkingerako”, eta, besteak beste, uste dutela proiekturik onena eurena dela, gobernu-taldeak proposatutakoa: “Proposamen ugari hartu ditugu kontuan, bai Lantzarte Bizirik elkartearenak bai herritar partikularrenak ere”. Hala, agindu zuen euren proiektua garatuko dutela bai ala bai, joan den azaroan onartuta dagoena.

Tentsioz beteriko eztabaidan, bizilagunek euren kontrakotasun argia adierazi zuten. Gardentasun falta aurpegiratzeaz gain, eta salatu zuten parkingaren proiektuak auzoko trafikoa areagotuko duela, besteak beste. Amaitzeko, alkateak nabarmendu zuen “trafikoak orain arte bezala jarraituko duela”, eta adierazi zuen hartutako erabakiak interes orokorrean oinarritu direla, eta ez herritar talde baten nahietan soilik. Hori entzunda, auzokideek galdera zuzena egin zioten: “Benetan interes orokorrekoa bada, zergatik galdetu zaio auzokide-talde txiki bati bakarrik?".

Lantzarte auzoaren birmoldaketa

Aparkalekua egiteaz gainera, Udalaren asmoa da auzo osoa berrurbanizatzea, eremu horretako irisgarritasuna hobetze aldera; horretarako, galtzadak eta bideak zolatu eta espazioak berrantolatuko dituzte, “ibilgailuen eta oinezkoen arteko bizikidetza errazteko, besteak beste”.

Proiektuaren lehenengo fasean, Udalak 40 aparkaleku baino gehiago kenduko ditu, eta, ordez, auzoan gatazka sortu duen aparkalekua eraikiko du berdegunearen zati “txiki” batean; datuen arabera, zelaiaren % 21a okupatuko dute azpiegitura berrirako, eta gainontzeko berdegunea Udalaren kultura-, aisialdi- eta kirol-jardueretarako erabili ahal izango dira.

Bigarren fasean, Udalak auzokideen iritzia jaso gura du, galtzadak peatonalizatu gura dituzten ala ez jakiteko; kaleak oinezkoentzat egiteko aukeran, garajeetan ibiak dituzten ibilgailuak bakarrik sartu ahalko lirateke kale horietan. Iturriek gogoratu dutenez, kontsulta loteslea izango da; hau da, herritarrek bozkatzen dutena egingo du Udalak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun