Berangoko Lantzarte auzoko bizilagunek 300 sinadura aurkeztu dituzte EAJ buru duen gobernu taldearen aurrean. Lantzarte Bizirik elkarteak sinadurak udaletxean erregistratu ditu eta, ondoren, auzoan jarri duen postontzian sartu dituzte. Izan ere, bertan, auzoa birmoldatzeko II. faseko auzotarren proposamenak bildu dituzte.
Sinadurez gain, auzotarrek manifestu bat erregistratu dute Birmoldaketa Integralaren proiektuan bozketa irekia egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Hau da, kale 1 edo 2 oinezkoentzako kale bihurtzea ez ezik (II. fasea) Makroparking bat eta errepide berri bat eraikitzea (I. fasea). Era berean, Lantzarte Bizirikek aurkeztutako proiektu alternatiboaren eta teknikoki bideragarriaren abantailak zehazten dituen dokumentua erantsi dute erregistroan.
Lantzarte Bizirikek salatu duenez, "legezkotasun zalantzagarriko kontsulta batean lortutako 40 botoakaz 715.000 euroko proiektua gauzatu nahi dute". Kontsulta hori 2024ko irailean egin zen, eta garajerik ez duten auzoko blokeek bakarrik bozkatu ahal izan zuten. "Proiektuak interes orokorra bilatzen badu, garajerik ez duenak ez ezik, auzo osoak bozkatu beharko luke; are gehiago, herri osoak iritzia eman beharko luke", salatu dute bizilagunek. Izan ere, zelai horietan jaiak ospatzen dira, barrakak jartzen dira eta hainbat gizarte-, kirol- eta jolas-jarduera antolatzen dira.