Berangoko Udalak, Ekonomia Sustapen eta Enplegu Sailaren bitartez, marka berri bat jarri du martxan herriko saltokiei laguntzeko eta bultzatzeko: Berangoazen!. Ekimen honen helburuak dira hurbileko merkataritzaren irudia indartzea, herriko eguneroko bizitzan duen funtsezko zereginari balioa ematea eta herrian erosketa-ohiturak sustatzea. Horretarako, dinamizazio-ekintzak egingo direla iragarri dute.
Kanpaina honen ardatz nagusietako bat da merkataritza- eta zerbitzu-gida bat sortzea, online formatuan zein formatu fisikoan, herritarren artean doan banatuko dutena. "Gida honek modu argi eta erakargarrian jasoko du udalerriko merkataritza-establezimenduei eta zerbitzu-enpresei buruzko informazio guztia, eta, horrela, haien ikusgarritasuna eta informaziorako sarbidea erraztuko da", azaldu dute.
Orain arte, Berangon erregistratutako 105 saltokietatik 75ek bat egin dute proiektuagaz, eta ekimen hori oinarri izango da herriko ekonomia bultzatzeko etorkizuneko ekintzetarako. Kanpainaren barruan, parte hartzen duten saltokiek ikusizko elementu identifikagarriak jasoko dituzte, hala nola sustapen-biniloak, erakusleihoetan edo sarreretan jarri ahal izateko; "horrela, ekimenaren ikusizko nortasuna eta mezua indartuko dira", nabarmendu dutenez.
Markaren eta gida komertziala aurkezpen ofiziala martitzenean, maiatzak 13, egingo dute, 14:00etan, Berangoeta kultur etxean.