Hurrengo geltokirantz kantuz egingo dute Berangon

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 15a, 08:57

Itziar Castrillo musikari eta irakasleak zuzentzen du taldea. © ITZIAR CASTRILLO

Berango izango da Bart…Sax! taldearen eta Danel Arteaga abeslariaren datorren geldialdia. "Hurrengo geltokirantz kantuz!" izenpean, jazz, swing eta pop-rock doinuez beteriko kontzertu berezia eskainiko dute, hilaren 16an, arrastiko 19:00etan, Berangoko Fernando Ansoleaga Antzokian.

Itziar Castrillo musikari berangoztarrak azaltzen duenez, Bart…Sax! duela 17 urte sortu zuten Durangon, Bartolome Ertzilla Musika Eskolako eta Kontserbatorioko saxofoi ikasgelako proiektu gisa. Gaur egun, berangoztarraren zuzendaritzapean, Big Band amateur honek Euskal Herriko hainbat txokotan jo izan du, beti ere musikarekiko pasioz eta ikus-entzuleak gozarazteko helburuagaz.

Oraingoan, Danel Arteaga izango dute lagun. Sondikako abeslari gazteak ibilbide oparoa du: Leioako Musika Eskolan hasi zen, Kantika Koralagaz nazioartean aritu da eta, gaur egun, San Juan Bautista Koraleko kidea da. Gainera, iaz Ztanda (ETB1) eta, aurten, La Voz (Antena 3) saioetan lehiatu izan da. "Proiekzio handiko artista gaztea da, bere sentikortasun eta ahots beroarekin hunkitzen duena".

Berangoko kontzertuan, Castrillok iragarri duenez, hamabi kantu eskainiko dituzte: jazz eta swing klasikoak, pop-rock bertsio ezagunak eta eguneratutako moldaketa originalak. Musikak batuko ditu belaunaldi ezberdinak, emozioz eta energiaz betetako saio batean.

Taldeko zuzendariak azpimarratu duenez, Berangoko publikoarentzat aukera paregabea izango da bidaia musikal honetara igotzeko. "Tren hau galduko duzu?".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun