Berango-Merana herri-ikastetxeko jolastokia “birnaturalizatzeko” prozesurako herritarren iritziak jaso gura dituzte

Iker Rincon Moreno 2025ko urr. 16a, 09:07

Eskolako patioa, gaur egun.

Barikuan, hilaren 17an, festa-azoka parte hartzailea egingo dute hezkuntza-komunitateak eta herriak elkarregaz jolastoki berria zer-zelakoa gura duten irudikatzeko. Hitzordua 16:15ean abiatuko dute, eskolan bertan.

Berango-Merana herri-ikastetxea eraldaketa garaian dago. Arduradunek azaldu dutenez, datozen urteetan eskola handituko da eta, 2 urtetik 16 urtera arteko hezkuntza-esparru integrala bihurtzeko bidean, eskolako jolastokia berriz pentsatu eta diseinatzeko aukera ireki dute, "jolas-leku soil baten kontzepzio tradizionala gaindituz".

Ikastetxeko kideek azaldu dutenez, helburua ez da soilik gune bat berritzea, “udalerriarentzako azpiegitura berde” bat sortzea baizik. Proiektuaren bidez, eskolako jolastokia herriaren ikuspegi integral baten barruan ulertu gura dute, ekosistema naturalak integratuz eta hezkuntza, ekologia eta komunitatearen arteko loturak indartuz.

“Komunitate osoa integratzen duen gizarte-proiektu" bat gura dute, familien, bizilagunen eta beste eragile batzuen parte-hartzea sustatuz, espazio komun baten eraikuntzan.

Birnaturalizazio-prozesu hau MARAE proiektuaren, irakasleen eta guraso-elkarteko kideen inplikazioagaz abiatu zen 2024-2025 ikasturtean, jolastokiko birsortze ekosozialeko ekosistema (ERES) plana ezartzeko aurreproiektua aurrera eramanda. Aurten, Berangoko Udalak diruz lagundutako Maia Permaculture kooperatibak gidatutako prozesu parte hartzaile bati ekin diote, eta horren bidez hezkuntza komunitateko eta baita herriko eragile ezberdinen ekarpenak eta iritziak jaso gura dituzte, gerora eraikiko den zentro berriko obra-proiektuaren barruan Hezkuntza Sailak jolastokiaren diseinu berria txarta dezan..

Horretarako, urriaren 17an, barikuan, festa-azoka berezi bat egingo dute eskolako jolastokian, arrastiko 16:15etatik aurrera. Ekitaldi hori eskola-komunitateari eta herritar guztiei zuzenduta egongo da, eta bertan zortzi txoko egongo dira: tailerrak, jolasak, marrazteko eta amesteko guneak, photocall-a eta askaria, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun