Berango-Merana herri-ikastetxean sukalde propioa eraikitzeko kanpaina abiatu dute gurasoek

Iker Rincon Moreno 2025eko azaroaren 14a

© BERANGO-MERANA IGE

Berango-Merana eskolak bere sukalde propioa izateko eskaera egin du ikastetxeko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (IGE). Horretarako, Bertan ekoiztu, bertan prestatu eta bertan jan! lelopean, argazki erraldoia egin zuten joan den barikuan, hilaren 7an, eskolako patioan.

IGEko kideek jakinarazi dutenez, Berangoko herri-ikastetxeak ez du sukalde propiorik 2000tik, "gutxi gorabehera, beti horrela izan dela dirudien arren". Azaldu dutenez, garai hartatik aurrera, sukaldea catering-zerbitzuengatik ordezkatu zen, EAEko eskola askotan gertatu den bezala.

Gurasoek diotenez, eskola, gaur egun, garraiatutako "linea beroko" menuen paketearen parte da, "eta horrek esan nahi du elikagaiak aurreko gauean prestatzen direla dagokion catering enpresako sukalde zentraletan, eta beroan garraiatzen direla, hurrengo goizean zerbitzatzeko prest".

Gaineratu dute eskolako komunitateak urte asko daramatzala in situ sukaldea berreskuratzeko lanean, eta Hezkuntza Sailak "behin baino gehiagotan" onartu duela proiektua, baina "hainbat arrazoirengatik" beti atzeratu dela. "Azkena, 2021ean, kasu honetan, sukaldearen proiektua IPI aurreproiektuak baldintzatu zuen".

Azaldu dutenez, urte horretan, instalazioen eta mantentze-lanen arduradunak sukalde berria 150.000 euroko aurrekontuagaz onartuta zegoela jakinarazi zien, baina, 2023ko udan, sukaldea eraikitzea aurreikusten zen arren, Hezkuntza Sailak ez zuela bere hitza bete.

IGEk "poz handiz" jaso du IPI proiektu berriak sukaldea eraikitzeko konpromisoa, baina kezka agertu du konpromiso hori proiektuaren lizitazioan berariaz jasota ez dagoelako. "Esperientziaz dakigu hitzak haizeak eramaten dituela eta, kasu batzuetan, konpromiso idatziak ere bai", deitoratu du. Hori dela eta, hezkuntza-komunitateak azpimarratu du sukalde propioa gura duela, "eskola-jantoki osasuntsuago, hezitzaileago, hurbilago eta erantzunkideago baten alde lan egiteko lehen urrats gisa".

Hori horrela, Ikastetxerik ez, sukalderik gabe! kanpainagaz bat egin dute Berango-Merana eskolako gurasoek, IPI berriak sukalde propioa izango duela ziurtatu gura dutelako eta, bitartean, "aukera berri hau amesten dugun eskola-jantoki eredu berri horren alde lanean jarraitzeko aprobetxatu nahi dugulako".

Kalitatezko menu osasungarri eta jasangarria izatea, Eusko Jaurlaritzak familia guztiei bermatu beharreko eskubidea dela uste dute IGEko kideek. Ildo horretan, hori bermatzeko abiapuntua, sukalde propioa izatea dela uste dute, "eta hori aldarrikatu dugu aspalditik gure eskolan, jangela eredu berri baten bidean".

Hala, "eskolan egindako aldarrikapen historiko batean formaltasun falta salatzeko eta etengabeko luzapenei eta Eusko Jaurlaritzak sukaldea eraikiko duenaren inolako ebidentziarik ez dugun egungo egoerari gure egonezina adierazteko", argazki jendetsua atera zuten eskolako patioan. "Ekimenak harrera ona izan zuen, eta babes horrek, jantoki eredu berri baten alde lanean jarraitzeko indarra ematen digu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun