Azken urteotan, Berango Bizkaian biztanle gehien irabazi duten udalerrien artean kokatu da. Hazkundea ez da puntuala izan; izan ere, zenbakiek joera sendoa erakutsi dute, eta 2025ean ere goranzko bidean jarraitzen zuen herriak, Euskal Estatistika Erakundearen azken datuen arabera.
Atzera begiratuta, bilakaera nahiko nabarmena izan da. Berangok 7.217 biztanle zi- tuen 2020an, eta 8.458ra iritsi zen 2025ean. Hau da, 1.200 biztanle baino gehiago lortu ditu bost urtetan, %17 inguruko hazkundea. Igoerarik handiena azken urtean gertatu da: 2024tik 2025era 638 pertsona gehiago erroldatu dira herrian.
Datu horiek beste modu batean esanda, Berangok urtean batez beste 240 biztanle inguru irabazi ditu azken bost urteetan; alegia, ia biztanle berri bat iritsi da bi egunetik behin. Hazkunde erritmo horrek azaltzen du zerga- tik ari diren zerbitzu eta azpiegituren inguruko beharrak hain azkar agertzen herrian.
Gorakada hori, batez ere, adin aktiboko biztanleetan eta familia gazteetan pilatzen da, Bilbotik gertu baina dentsitate txikiagoko inguruneetan bizitzeko hautua egiten dutenetan. Horrek, bai ala bai, eragina du herriaren egunerokoan; besteak beste, ikastetxeetan, kaleetan eta zerbitzuetan.
Biztanle berriek etxebizitza-behar berriak ekarri dituzte. Hain zuzen ere, gero eta gehiago eskatzen dira irisgarritasuna duten etxebizitzak, igogailudunak eta oztopo arki- tektonikorik gabekoak, baina baita tamaina txikiagoko pisuak ere, prezio neurtuagoekaz, lehen etxebizitza bezala.
Biztanle gehiago izateak, gainera, zerbitzu publikoen beharra handitzen du. Hezkuntza, garraioa, espazio publikoak edo gizarte-zerbitzuak egokitu behar dira, hazkundeak bizi-kalitatean eragin negatiborik izan ez dezan. Horregatik, datuek ez dute soilik zer gertatu den erakusten, baizik eta zer erronka dauden mahai gainean.
Arazoa da eskaintza ez dela erritmo berean hazi. Iaz amaitu ziren jada martxan zeuden sustapen gehienak; kooperatibak eta babes ofizialeko etxebizitzak, batez ere. Aitzitik, oraindik ez da obra berririk abiatu, Otxantegi kalean proiektu berri bat aurreikusita dagoen arren. Dena den, eskaerak altu jarraitzen du, eta prezioek gora egin dute.