Lantzarte Bizirikek auzitara eraman ditu Berangoko aparkaleku berriaren obrak

Izaro Garcia 2026ko urtarrilaren 23a

Udalaren jarrera eta aparkalekuaren proiektua salatzeko manifestazioa, artxiboko irudian.

Lantzarte Bizirik Auzo Elkarteak auzi-errekurtsoa aurkeztu du Lantzarte auzoan egindako aparkalekuaren obren aurka; izan ere, elkartearen arabera, proiektuak Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) urratzen du, eta Udalak gardentasunik gabe, modu inposatuan eta auzotarren ekarpenak kontuan hartu gabe bultzatu du. 

Elkarteak azaldu duenez, epaitegietara jo aurretik administrazio-bide guztiak agortu zituzten. Hala ere, Udalak urrian igorritako erantzunak ez omen zituen proiektuaren legezkotasunari buruzko zalantzaka argitu, ezta beharrezko barne juridikoak eskaini ere. Egoera horren aurrean, eta legeak ezarritako epearen barruan, abenduan aurkeztu zuten auzi-errekurtsoa. 

Salatu dutenez, obrak auzotarren kezkak eta oharrak alde batera utzita jarri ziren martxan, eta ez zen benetako parte-hartze prozesurik egon. Haien ustez, horrek "herritarrek beren auzoari eragiten dioten erabakietan parte hartzeko duten eskubidea urratzen du".

Beharrezkoa ez den proiektua

Lantzarte Bizirikek zalantzan jarri du aparkalekuaren benetako premia. Elkarteak bildutako datuen arabera, aparkalekuko okupazioa %30 ingurukoa da egun osoan zehar; horrenbestez, azpiegitura berriak justifikaziorik ez duela uste dute.

Horrez gain, gogorazi dute proiektu txikiagoak proposatu zituztela, alternatiba moduan: "Udaleko teknikariek teknikoki bideragarriak zirela onartu arren, proposamen horiek ez ziren aintzat hartu".

Elkartearen iritziz, "kasu hau ez da gertakari isolatua", baizik eta instituzioen jardunbide sistematiko baten adierazle. Horregatik, "herria defendatzen" jarraituko dutela adierazi dute, eta antzeko erabakiak herritarren gainetik har ez daitezen, legezko bide guztiak baliatuko dituztela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun