Egunotan Berangoko Goikoerrota baserriaren inguruan egindako lanek zalantzak eragin dituzte herritarren artean, eraikinaren zati bat eraitsi behar izan baitute. Hala ere, Udalak zehaztu du lan horiek guztiz legezkoak direla eta aurrez emandako udal-lizentzia baten baitan egin dituztela. Azaldu dutenez, Goikoerrota Bidea 9 zenbakian dagoen eraikina "HAPOan intereseko elementuen katalogoan dago jasota, oinarrizko babesarekin, eta egindako esku-hartzea babes-maila horrek baimentzen dituen jardueren artean dago".
Udalak HIRUKAri emandako espedienteak jasotzen duenez, ez da baserri osoa bota, baizik eta eranskin batzuk. Errota zaharraren eranskin nagusia eta balio historikoa duten egiturak kontserbatuko dituzte, eta ondoren berreraiketa eta zaharberritzea egingo da, errota zaharra barne. Izan ere, dokumentazioak gogorarazten du errota hori 1588. urtea baino lehenagokoa dela, eta ondare-balio handia duela .
Lizentzia eman aurretik, proiektuak aldeko hainbat txosten ere izan dituela zehaztu dute, hala nola URA Ur Agentziarena, AESArena (zortasun aeronautikoei dagokienez) eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuarena. Gainera, Ondare Babesa enpresak idatzitako esku-hartze arkeologikoko proiektua ere aurkeztu dute, obrak ondare-irizpideakaz bat etorriz egingo direla bermatzeko .