MARTXOAK 8

Berangok kultura moreaz beteko du martxoa

Izaro Garcia 2026ko otsailaren 26a

Berangok adin guztietarako egitarau zabala antolatu du martxoan zehar.

Martxoaren 8a gero eta gertuago dugun honetan, Berangok adin guztietarako egitarau zabala antolatu du, kultura, kirola eta aldarrikapena uztartzen dituena.

Jarduerak bezperan hasiko dira; hau da, martxoaren 6an eta hilaren amaierara arte luzatuko dira, emakumeen ahalduntzea eta berdintasunaren aldeko mezua ardatz hartuta.

Lehenengo egunean, arrastian, Moreaga parkeko ludotekak "Bi printzesa eta sorgin bat" ipuin kontalari berezia hartuko du; egun berean, M8 tailer berezia egingo da Berangoeta Kultur Etxean. Hurrengo egunean, martxoaren 7an, kirolak hartuko du protagonismoa; izan ere, 10:00etan, Berangoko Emakume Palisten IV. Txapelketa lehiatuko da udalerriko frontoian. Arrastian, 19:00etan, Fernando Ansoleaga Antzokian "Evita" antzerki musikala taularatuko da.

Martxoaren 8an bertan, aldarrikapenek kaleak hartuko dituzte. Goizeko 11:00etan, Berangoko Emakumearen Elkarteak martxa abiatuko du bere egoitzatik, eta 12:30ean, Sabino Arana kalean, permormance bat eskainiko du. Egunari bukaera emateko, 18:00etan, Fernando Ansoleaga Antzokian, Alabazan taldeak "Luziaren sekretua" txotxongilo ikuskizuna eskainiko du, 4 urtetik gorako umeentzat.

Egitarauak aurrera jarraituko du martxoaren 14an, 19:00etan, "Poeque me oprime el corsé" antzezlanagaz, Luna Llena taldearen eskutik. Martxoaren 22an, 18:00etan, familia osoarentzat pentsatutako "Marietak Zirkus" ikuskizuna iritsiko da, Zirika Zirkus taldeagaz. Eta martxoaren 28an, 19:00etan, Muskizko Juego de Damas taldeak "Leonas" antzezlana taularatuko du. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun