Umeek diseinatuko dute 2026ko Berangoko jaietako kartela

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 12a

Izen-ematea martxoaren 16tik 20ra egingo da Berangoetako Ludoklubean.

Berangoko Ludoklubak eta Haur Liburutegiak haurrentzako kartel lehiaketa antolatu dute, Berangoko Jaiak 2026 iragarriko dituen irudi ofiziala aukeratzeko. 

Deialdia 2010 eta 2016 artean jaiotako zein Berangon erroldatutako umeei zuzenduta dago. Parte-hartzaile bakoitzak obra bakarra aurkeztu ahal izango du, banaka (haur bat eta legezko tutorea) edo familian (bi anai-arreba edo gehiago eta legezko tutorea).

Kartelak Berangoko jai-giroa islatu beharko du, umeen begietatik, eta testu hau nahitaez agertu beharko da: "Berangoko jaiak 2026". Lanak, besteak beste, bertikalak izan behar dira, eta teknika librea erabil daiteke (marrazkia, pintura, collagea…). Antolatzaileek materiala emango dute, eta lanak originalak izan beharko dira.

Izen-ematea martxoaren 16tik 20ra egingo da Berangoetako Ludoklubean. Lehiaketaren dinamika, berriz, saioetan antolatuko da: apirilaren 17an harremanetarako eta ideiak lantzeko eguna izango da, maiatzaren 8an proiektuari ekingo diote, eta maiatzaren 15ean kartela amaituta utziko da epaimahaiak ikus dezan. Behar izanez gero, maiatzaren 11tik 14ra bitartean beste egun bat ere erabil dezakete.

Epaimahaia jai-batzordeak osatuko du, eta hiru finalista aukeratuko ditu. Ondoren, herritarrek botoa eman ahal izango dute maiatzaren 19tik 22ra Berangoetako kultur etxean. Irabazlearen lana jaietako kartel ofiziala izango da, egilearen izena agertuta, sariak eskolako materiala izanik.

Informazio gehiago jasotzeko, berangokultura@berango.org helbidera idatzi edo 94 668 21 43 telefonora deitu daiteke.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun