Aurrekontu parte-hartzaileek Otxabenen haur parke berria eta Moreagan komun publikoa ekarriko dituzte Berangora

Izaro Garcia 2026ko martxoaren 30a

Prozesu osoak 150.000 euroko aurrekontua izan du. © BERANGOKO UDALA

Berangoko Udalak Otxabenen haur parke berria eraikiko du, inguruko berdeguneak hobetuko ditu eta Moreaga parkean komun publiko bat instalatuko du. Hiru jarduera horiek izan dira aurtengo aurrekontu parte-hartzaileen prozesuan herritarrek boto gehien eman dizkieten proposamenak.

Hori horrela, Otxabenen haurrentzako parke berria egingo da, Otxabeneko lorategi eta berdeguneak berreskuratuko dira, eta Moreagan komun publiko baten instalazioa gauzatuko da. Udalak azaldu duenez, aukeratutako proiektuek herritarren "lehentasunak eta beharrak" islatzen dituzte, eta urtean zehar joango dira egikaritzen, pixkanaka.

Herritarren parte-hartzea handia izan da aurten ere. Izan ere, 2025eko irailean 310 lagunek 763 proposamen aurkeztu zituzten guztira, eta bozketa joan den urtarrilean egin zen. Prozesu osoak 150.000 euroko aurrekontua izan du.

Adolfo Sangroniz Herritarren Partaidetzako zinegotziak herritarren inplikazioa nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie parte hartu duten guztiei. Haren esanetan, prozesu horri esker, udal aurrekontuaren zati bat herritarrek egindako proposamenak gauzatzera bidera daiteke.

Ildo beretik, Itziar Aguinagalde Berangoko alkateak Udalaren konpromisoa herritarren parte-hartzeagaz berretsi egin du, eta tresna hori "udalerri hurbilagoa eta pertsona guztien beharretara egokituagoa" eraikitzen jarraitzeko funtsezkoa dela azpimarratu du.

Bestalde, Udalak 10.000 euro bideratuko ditu udako kolonietan haurrek egindako saio parte-hartzaileetatik sortutako proiektuetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun