Berangoko bizilagunaren hilketa matxista salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 7a

Berangoko herritarren hilketa apirilaren 1ean jazo zen Basaurin; hori salatzeko elkarretaratzea egin dute herrian.. © BASAURIKO UDALA

Apirilaren 1ean, Basaurin eraildako 44 urteko emakumea Berangokoa zela jakinarazi du Udalak. Hori dela eta, gaur, martitzena, apirilak 7, elkarretaratzea egingo dute 19:00etan, frontoiaren aurrean.

Joan den apirilaren 1ean, eguaztenean, larrialdi-zerbitzuak Basauriko etxebizitza batera bertaratu ziren 44 urteko emakume bat artatzeko, ustezko ondoeza izan ostean. Osasun langileek emakumearen bizia salbatzeko ahaleginak egin bazituzten ere, bertan hil zen. Hala ere, heriotzaren zergatiak argitzeko egindako analisi forentseak susmo guztiak piztu zituen, heriotza bortitz baten zantzuak topatu baitzituzten.

Horren ondorioz, Ertzaintzak ikerketa abiatu eta joan den barikuan bere bikotekidea atxilotu zuen Bilbon, genero-indarkeria arloko giza hilketa egotzita. Ikerketak agerian utzi duenez, 45 urteko atxilotuak indarkeria matxistako aurrekariak zituen eta emakumearekiko urruntze-agindua zuen indarrean.

Berangoko Udalak jakinarazi du emakumea Berangoko zela eta adierazpen instituzional irmoa onartu du erailketa matxista hau salatzeko. Horretan, bere "gaitzespenik handiena" adierazi du indarkeria matxistaren aurrean, eta gogorarazi du biktima herrian "askok eta askok gogoan duten emakumea" dela.

Hilketa matxista hau salatzeko, Berangoko Mugimendu Feministak eta Udalak, udalerriko hainbat eragilegaz eta Berangoko Emakumeen Elkarteagaz batera, elkarretaratze deialdia egin dute gaurko, apirilaren 7rako, 19:00etan frontoiaren atarian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun