Berangok alokairurako 11 etxebizitzatan izena emateko epea zabalduko du

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 24a

Alokairuen prezioak 330 eta 920 euroen artekoak izango dira.

Berangok alokairurako diren 11 etxebizitza merkaturatuko ditu, eta horiek eskuratzeko eskaera-epea datozen egunetan irekiko da, Berangoko Udalak jakinarazi duenez. Deialdia indarrean sartuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, eta interesdunek 20 eguneko epea izango dute izena emateko.

Etxebizitzak Arana eremuan daude, Karabiazpi eta Arene Bidea kaleen arteko garapen urbanistikoaren barruan. Obrak amaitzear daude, eta aurreikuspenen arabera, uztailerako bukatuko dira; orduan egingo da etxebizitzen esleipena, zozketa bidez.

Sustapenak logela bat zein biko etxebizitzak biltzen ditu, guztiak terrazadunak, eta garajea zein trastelekua bezalako eranskinak dituzte. Era berean, energia-eraginkortasunari lotutako sistemak izango dituzte; hala nola geotermia, eguzki-plakak eta lurzoruko berokuntza.

Sarbide baldintzak eta prezioen tartea

Etxebizitza hauek eskuratzeko, eskatzaileek ezin izango dute beste etxebizitzarik izan, eta urteko diru-sarrerak 15.000 eta 50.000 euro artekoak izan beharko dituzte. Halaber, berme ekonomikoak aurkeztu beharko dira; hau da, fidantza, gordailu gehigarria eta senide zuzen baten abala.

Alokairuen prezioak 330 eta 920 euroen artekoak izango dira, etxebizitzaren ezaugarrien eta diru-sarreren arabera. Zenbateko horiei komunitate-gastuak gehitu behar zaizkie: 100 euro inguru logela bateko etxebizitzetan eta 135 euro ingurukoak bikoetan.

2023an onartutako araudiaren arabera, lehentasuna izango dute udalerrian erroldatuta egon direnek, gutxienez azken sei urteetan hiru urtez. Etxebizitzak hutsik geratuz gero, baldintzak beste kolektibo batzuetara zabalduko dira: udalerrian lan egiten duten pertsonetara edo Uribe Kosta eskualdeko biztanleetara, kasu.

Eskaerak bide telematikoaren bidez edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Nera Homes enpresaren bitartez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun