Berangoko Udalak antolatutako azokak adin guztietarako egitarau zabala eskainiko du, eta lehen aldiz Erdi Aroko Borroken Nazioarteko Txapelketa ere hartuko du. Antolatzaileen arabera, helburua herria giro historiko batean murgiltzea eta familientzako aisialdi eskaintza erakargarria sortzea izango da.
Hiru egunetako egitaraua
Azoka barikuan hasiko da, arrastiko 17:00etan, merkatuaren irekieragaz batera. Une horretatik aurrera kalejirak, antzerkia, ipuin-kontalariak eta aireko ikuskizunak izango dira nagusi herriko kaleetan. Ramalleira, Barzonia, Artimaña Teatro eta Nainapirulina taldeek hainbat emanaldi eskainiko dituzte aste-akabuan zehar.
Zapatua izango da egun indartsuenetako bat. Goizetik gauera arte jarduerak etenik gabe egingo dituzte: kalejirak, Erdi Aroko bizimoduaren erakustaldiak, musika folk emanaldiak eta ikuskizun ibiltariak izango dira herrian barrena. Gainera, egun honetan bertan lehen aldiz Erdi Aroko Borroken Nazioarteko Txapelketa egingo da, "Buhurt" modalitatean. Borroka historikoen modalitate horrek armadura eta arma erreplikakaz egindako aurrez aurreko borrokak biltzen ditu.
Zapatu gaueko ekitaldi nagusietako bat su ikuskizuna izango da, 21:30ean. Ondoren, merkatua 22:00etan itxiko dute.
Domekan ere giroak ez du behera egingo. Kalejirak, antzerkia, ipuin kontaketak eta Erdi Aroko giroko musika izango dira berriz protagonista. Egun horretan ere egingo dituzte borroka historikoen erakustaldiak eta artisautza zein ofizio tradizionalen tailerrak.