Jeltzaleek azaldu dutenez, hautagaitzak herritarrekiko gertutasuna, egonkortasuna eta kudeaketa eredua sendotzea izango ditu ardatz. Aguinagaldek berak adierazi du etapa berriari "ilusioz, arduraz eta herriaren alde lanean jarraitzeko gogo handiz" ekingo diola.
Aguinagalde Pedagogia Terapeutikoan lizentziatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Logopedia zein Psikomotrizitate arloko graduondoko ikasketak ere egin ditu. 2019ra arte enpresa pribatuan garatu zuen bere ibilbide profesionala, eta urte horretatik aurrera udal politikak protagonismo handiagoa hartu zuen bere jardunean.
1999tik EAJ-PNVko afiliatua da, eta gaztetan EGIn ere aritu zen. 2015ean sartu zen Berangoko Udalean zinegotzi gisa, eta Gazteria, Ekonomia Sustapena, Enplegua eta Ogasuna bezalako arloetan izan ditu ardurak, alkatetzara iritsi aurretik.
"Berango nire izaeraren parte da"
Aguinagaldek Berangogaz duen lotura pertsonala ere azpimarratu gura izan du. 2010etik herrian bizi arren, txikitatik udalerriagaz harremana izan duela azaldu du: "Berango nire bizitzako leku garrantzitsuena izan da beti. Nire izaeraren parte da".
Era berean, politika egiteko modu jakin baten alde egiten jarraituko duela azaldu du ere: "politika erabilgarria, hurbila eta entzutean oinarritutakoa". Horren barruan kokatu ditu zerbitzu publikoak, bizikidetza eta familien ongizatea.
Azkenik, alkategai izatea "harrotasun handia" dela adierazi du, baina baita "erantzukizun handia" ere. Hala ere, orain arte bezala, gertutasunez eta lanerako gogoz jarduteko konpromisoa berretsi du.