Isunen jatorria 2025eko abuztuaren 4ko protestan dago: hogei bat auzokidek hainbat orduz geldiarazi zituzten Lantzarteko zelaian egiten ari ziren aparkalekuaren obrak. Bizilagunen arabera, protesta modu espontaneoan sortu zen, makinak zelaiko zuhaitzak botatzen hasi zirenean.
Auzotarrek gogorarazi dute bertako fruta-arbolek 30 urte baino gehiago zeramatzatela bertan eta espazio hori auzoko topagune, jolasgune eta bizikidetzarako eremu garrantzitsua izan dela urte luzez. Gaur egun, ordea, parking bihurtuta dago.
"Ez zen inolako erresistentziarik egon"
Lantzarte Bizirikek azaldu duenez, Udaltzaingoa protestaren egunean bertaratu zen eta han zeuden pertsonak identifikatu zituen, balizko zigorrak izan zitzaketela ohartarazita. Hala ere, plataformaren arabera, agenteek ez zieten auzokideei alde egiteko eskatu eta ez zen "inolako erresistentziarik" izan.
Horregatik, harriduraz hartu dute isunak hilabete batzuk geroago iritsi izana. Are gehiago, elkarteak nabarmendu du zigorrak bide judizialagaz aurrera jarraitzeko erabakia baieztatu ostean aktibatu direla. Plataformak administrazioarekiko auzi-prozesua martxan mantentzen du, aparkalekuaren proiektuaren legalitatea argitzeko eta "erantzukizunak depuratzeko".
Auzoko tentsioa bizirik dago
Auzokideen arabera, isunek nekea eta beldurra eragin dezakete mobilizazioan parte hartu duten pertsonen artean, batez ere zenbatekoa kontuan hartuta. Aitzitik, plataformak argi utzi du ez duela protesta bertan behera uzteko asmorik.
Elkarteak salatu du instituzioek elkarrizketa eta parte-hartzea sustatu beharrean "neurri zigortzaileak" erabiltzen dituztela protesta sozialari erantzuteko. Gainera, gogorarazi dute Lantzarteko espazioaren defentsa hilabeteetan zehar mantendu dela, auzotar askok gardentasuna, parte-hartzea eta auzoarekiko errespetua eskatu dituztelako.