Auzokatzen ekimenak bizikidetasuna, elkartasuna eta gizarte-jarduerak sustatuko ditu Berangoko auzoetan

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 25a

Auzokatzen ekimena sortu dute Berangoko auzoak elkartzeko asmoagaz. © BERANGOKO UDALA

Berangoko Udalak Auzokatzen izeneko parte-hartze prozesua hasi du auzokideen arteko harremanak sustatzeko asmoagaz. Helburua auzoak toki dinamikoagoak, bizigarriagoak eta konektatuagoak bilakatzea da.

Prozesuak Axgane, Santa Ana eta Otxabene auzoetan bizi diren auzokide zaharrentzat eta berrientzat sortu dute. Udalak azaldu duen bezala, ekimena herrikoen ikuspuntua batzen hasiko da. Honen helburua auzoak eta auzokideek dituzten beharrak identifikatzeko eta bizikidetasuna sustatzeko dituzten proposamenak ezagutzea da. Era berean, Udalak hainbat saio parte-hartzaile antolatzea aurreikusi du; hurrengo hilabeteetan aurrera eramango den ekintza plan bat sortzeko helburuagaz. 

Udalak adierazi duen moduan, gainera, egitasmoak podcast komunitario baten sorrera ere dakar. Bertan hiru profilek parte hartuko dute: Berangoko batek, auzokide berri batek eta tokiko merkataritzari lotutako norbaitek. Horren lehen atala gaur izango da, maiatzak 25, eta Otxabeneko harmailetan grabatuko dute auzoaren eboluzioaren inguruko ikuspuntu berriak aurkitzeko asmoagaz. 

Udaletik herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu dute: "Komunitatea sortzea ez da bakarrik erakundeen ardura, Berangoko auzoetako herritarrena ere bada". Jarduera honegaz, Udalak Berangoko auzoak logela eredutik ihes egin dezatela lortu gura du; izan ere, horren aldez, bizikidetasuna, elkartasuna eta gizarte-jarduerak sustatu gura ditu. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun