Berangoko Udalak Otxabene plaza estaliko du, urte osoan jarduerak eta kontzertuak hartu ahal izateko

Izaro Garcia 2026ko uztailaren 13a

Proiektua Auzokatze parte-hartze programan herritarrek behin eta berriz egindako eskaera da.

Berangoko Udalak Otxabene plaza estaltzeko proiektuari ekingo dio, espazio hori urte osoan kultur, aisialdi eta herri-jardueretarako erabiltzeko aukera zabaldu asmoz. Obrak lizitaziora atera ditu daborduko, eta 607.563 euroko aurrekontua izango du, BEZik gabe. 

Estalki berriari esker, plazak ez du eguraldiaren menpe egon beharko, eta kontzertuak, ikuskizunak, azokak nahiz bestelako ekitaldiak euri edo eguzkiaren eraginik gabe egin ahal izango dira. Horrela, udalerriak erabilera anitzeko espazio estali berri bat izango du.

Proiektua ez da udalaren ekimen hutsa. Izan ere, Auzokatze parte-hartze programan herritarrek behin eta berriz adierazitako beharrizanetako bati erantzuten dio. Udalaren arabera, helburua herritarren eskaerei erantzutea eta Otxabene plaza herriko topagune gisa indartzea da.

Urte osorako espazio erabilgarriagoa

Plaza estaltzeak aukera emango du jarduerak bertan behera ez uzteko eguraldi txarragatik, eta programazioa urte osoan zehar antolatzeko malgutasun handiagoa izango du Udalak. Gainera, espazioak herriko elkarteentzat eta ekitaldi publikoentzat ere erabilgarritasun handiagoa izango du.

Momentuz, lanak esleitzeke daude; hori egin orduko, obrak hasiko dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun