Zerbitzu eta garraio gehiago eskatu dituzte Santa Ana, Otxabene eta Axganeko bizilagunek

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 24a

Orain hurrengo pausoa eskaera horiek proposamen zehatz bihurtzea izango da.

Lasaitasuna, natura eta berdeguneak bai, baina kalean bizitza gehiago ere bai. Hori da Berango Auzokatzen prozesuaren lehen faseak Santa Ana, Otxabene eta Axganen utzi duen ondorio nagusietako bat. Hiru auzoek 1.216 biztanle dituzte guztira, eta horietako 128k parte hartu dute euren inguruan zer duten, zer falta zaien eta zer hobetu beharko litzatekeen aztertzeko prozesuan.

Bizilagunek argi dute auzoen izaera mantendu gura dutela. Lasaitasuna, segurtasuna eta mendia, Fadura eta berdeguneak gertu izatea dira gehien baloratzen dituzten ezaugarriak. Baina eguneroko bizitzari begira, merkataritza, aisialdi eta zerbitzu eskaintza eskasa dela uste dute, eta horrek "logela-auzo" baten sentsazioa sortzen duela ohartarazi dute.

Proposamenen artean supermerkatuak eta elikadura-dendak, farmaziak, kafetegiak, tabernak, ile-apaindegiak, gimnasioak eta osasun-kontsultak ageri dira. Gainera, hutsik dauden merkataritza-lokalak aprobetxatzea proposatu dute, negozio txikiak erakartzeko alokairu merkeagoak edo ekintzailetzarako bestelako laguntzak eskainita.

Autobus gehiago eta autoarekiko mendekotasun gutxiago

Garraio publikoa hobetzea da herritarrek mahai gainean jarritako beste eskaera nagusietako bat. Autobus bidezko lotura hobeak gura dituzte Berangoko erdigunera eta metrora joateko, baina baita ikastetxeetara, anbulatoriora eta Getxo, Algorta edo Sopela bezalako inguruko herrietara heltzeko ere.

Maiztasunak handitzea ez ezik, anezka-zerbitzuak edo Berango barruan ibiliko litzatekeen mikrobus bat jartzea ere proposatu dute. Horregaz batera, oinezkoentzako eta bizikletentzako ibilbideak eta kaleetako argiztapena hobetzea eskatu dute. Helburua eguneroko joan-etorrietarako autoa hain beharrezkoa ez izatea da helburua.

% 45ek topagune gehiago gura dituzte

Auzoko bizitza egiteko leku gehiago ere falta direla ondorioztatu dute. Parte hartu duten herritarren % 45ek uste dute gaur egun ez dagoela nahikoa elkargune. Kafetegiak, parkeak, kirol-instalazioak eta erabilera komunitarioko lokalak dira gehien aipatutako aukeretako batzuk.

Horretarako, lehendik dauden espazioak hobeto aprobetxatzea proposatzen du diagnostikoak. Besteak beste, plazei eta ekipamenduei erabilera handiagoa ematea eta gaur egun gutxi erabiltzen diren eraikinetarako aukera berriak aztertzea planteatu dute, Lipperheide baserria kasu.

Eta espazioak ez ezik, horiek betetzeko planak ere gura dituzte. Aire zabaleko zinema, azokak, kontzertuak, jaiak, tailerrak eta familia zein kirol jarduera gehiago antolatzea dira jasotako proposamenetako batzuk. Aldi berean, auzoetako berdeguneak babestea, irisgarritasuna hobetzea eta mantentze-arazoei irtenbidea ematea eskatu dute.

Orain hurrengo pausoa eskaera horiek proposamen zehatz bihurtzea izango da. Irailaren 24an, Santa Anako Kultur Etxean, auzoko bizitza diseinatzeko tailerra egingo dute, eta bertan landuko dute Santa Ana, Otxabene eta Axganeko etorkizunerako zer neurri jar daitezkeen martxan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun