Udalak adierazi duen moduan, 150.000 euro bideratuko ditu partaidetza-prozesu honen bidez aukeratutako proiektuetara. Hori dela eta, berangoztarrak udalerriarentzat "onuragarriak" izan daitezkeen jarduerak, zerbitzuak edo hobekuntzak partekatzera gonbidatu dituzte.
Gaineratu dutenez, proposamen guztiak bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa kontuan hartuta aztertuko dira baita interes orokorrari eta Berangoko auzoen arteko orekari egiten dioten ekarpena kontuan hartuta ere.
2026an, sei proiektu izan ziren ekimen honen irabazleak: Moreagan komun publiko bat jartzea, Otxabeneko lorategiak berreskuratzea eta berdeguneei balioa ematea; Otxabene inguruan umeentzako parke berri bat jartzea, txirrista eta hainbat adinentzako jolasakaz; boleibol-sare eramangarria instalatzea, eremu iraunkor bat jartzeko aukera aztertzen duten bitartean; Maisuaren parkean paperontziak, udaletxeko biribilgunean baranda eta Jesus Maria Leizaola kalean bankuak jartzea; eta higatuta dauden oinezkoen pasabideak berriz pintatzea.
Proposamen guztiak esteka honen bidez edo aurrez aurre jarritako postontzi eta informazio-puntuetan aurkez daitezke. Gainera, irailaren 17an, eguenean, teknikari ibiltariak egongo dira, eta, 18an, barikuan, informazio-karpa jarriko dute Sabino Aranan.
Aurreko prozesuan 763 proposamen jaso zituzten 310 herritarren eskutik. Gainera, 16 urtetik gorako eta Berangon erroldatutako pertsonek parte har zezaketen azken bozketan.